Ikasgelak erredakzio-talde bihurtu zituen joan den ikasturtean “Gazte Kazeta” komunikazio-proiektuak Andoainen. Udaleko Euskara Sailak, herriko hiru ikastetxeek eta Aiurri aldizkariak, lankidetzan ondutako egitasmoa da, euskararen erabilera sustatzea ardatz. Era berean, idazketan trebatzeko aukera ematen die DBH 4.mailako ikasleei, baita ikus-entzunezko munduan murgiltzeko aitzakia ere. Berria da proposamena, nahiz eta aurrekari moduan, jada, egiten ez den Erreportari Gaztea Saria eduki.
Aiurriko lan-taldeko bi kazetariren formakuntza jaso ondoren, bost saioko ibilbidea osatzen dute ikasleek ekimenean. Taldeka bildu eta jakin-mina pizten dien gai bati tiraka osatzen dituzte beren piezak, tokiko komunikabideko bi erredaktoreak bidelagun: motoziklismoa, autoestimua, sare sozialen erabilera nerabezaroan, kalamua, euskal gastronomia… Nork bere ezinegonetik, nork bere interesetik, makina bat aferari eusteko amua da egitasmoa, kazetaritzaren begiradatik erreparatuta, jakina. Joan den ikasturtean, udaberrian, La Salle Berrozpe ikastetxeko ikasleak izan ziren lehenak luma zorrozten. Ondoren, lekukoa eman zieten Aita Larramendi Ikastolako ikasleei.
Urritik hasita eta abenduaren 3ra bitarte, joan den ikasturtean jorratutako zenbait pieza argitaratuko dira, astero-astero.
Aipatu guztia ez da, gainera, ikasgelako lau pareten artera mugatzen, izan ere, Aiurri astekariaren edizio digitalean txoko bat dute beren erreportajeek. “Gazte kazeta” du izena kazetaritza-proiektuak biltzen dituen kanalak.