Indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia sortzea du xede A25aren gaineko programazioak

Aiurri 2024ko aza. 5a, 16:29

Indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia sortzea izango du xede emakumeenganako indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko egunaren harira Andoaingo Udalak antolatu duen ekitaldi-sortak. Haizea Barandiaran berdintasun zinegotziak eta Irene Jauregi berdintasun teknikariak aurkeztu dute musikak, antzerkiak, tailerrek eta beste zenbait ekimenek osatuko duten programazioa

Udaletxean egin duten agerraldian izan dira, halaber, Belen Moreno (PSE-EE), Idoia Mikelez (EAJ-PNV) eta Pepe Iparragirre (Ahal Dugu-Podemos) udal ordezkariak.

Barandiaranek adierazi du “emakumeek egunerokoan bere bizitzako esparru guztietan jasaten duten egiturazko desberdinkeria” salatuko dutela egun horietan, beste urte betez.

Indarkeria matxista egiturazko arazoa dela gehitu du Barandiaranek. “Aspaldian gabiltza horixe salatzen; eta egiturazko arazoa denez, konponbideak ere integrala behar du izan. Ezinbestekoak ditugu arazoari errotik helduko dioten berdintasun politikak garatzea eta indartzea”.

Berdintasun zinegotziak ziurtatu du Andoaingo Udalak irmo jarraituko duela horien aldarrikapenean eta sustapenean. “Baina badakigu hori ez dela nahikoa: politika horiek oinarria emango badigute ere, beharrezkoa dugu jendarte erantzun sendo bat izatea. Gizartearen sostengurik gabe, nekez egingo dute politika horiek aurrera. Hortaz, alde horretatik, deia luzatu nahi diegu herritarrei berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka kontzientzia hartu eta erantzuna ematera”.

 

Ekitaldi-sorta

Hona egitaraua:

* Azaroak 16, larunbata

19:00 Bastero Kulturgunean. En positivo, Alaia Ensemble abesbatzaren emanaldia. Junkal Guerrero musikari eta konposatzaile andoaindarrak sortutako abestiekin.

 

* Azaroak 21, osteguna

Txapa tailerra.

17:00. Ludotekan.

 

* Azaroak 22, ostirala

Antzerkia: Ametsen mundua. Patata Tropikala taldea.

17:00. Ludotekan.

 

* Azaroak 23, larunbata

- Tailerra: Autodefentsa feminista.

09:30. Kiroldegian.

- Giltzetako eta txapa tailerra

17:30. Gaztelokalean

- Bakarrizketa: Ztandap Mirari Martikorena eta Idoia Torregarai.

19:30. Bastero Kulturgunean.

 

* Azaroak 25, astelehena

Mugimendu feministaren ekimenarekin bat egingo da.

18:30. Goikoplazan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!