Junkal Guerrero Langarak (Andoain, 1968) euskal musikagintzari egin dion ekarpenari aitortza egiteko aukera ederra izango da Basteroko kontzertua. Egiaz ere, oparoa da musika irakasle, abesbatzetako abeslari eta zuzendari, abestien konposatzaile, moldatzaile eta letragile… gisa osatu duen biografia.
Musikazaleek Guerrerok musika sortzaile gisa egindako ibilbidearen zati batez gozatu ahal izango dute Madrilgo Alaia Ensemble abesbatzarekin, Daniel de la Puentek zuzenduta. Katrin Iturralderen zuzendaritzapeko Andoaingo Musika Eskolako Gazteen Abesbatza eta Xabi Sarasola, Eva Ugalde eta Myriam Ulanga piano-joleak ere bertan izango dira, gonbidatu gisa.
Kontzertuaren atarian, pozez txoratzen dago. “Antolatzea kosta egin den emanaldia da, baina egundoko ilusioa egiten dit arrazoi askorengatik: Alaia abesbatzak nik sortutako abestiak interpretatuko dituelako, jaioterrian eta bertako ahots gazteekin izango delako… Opari polita, hunkigarria, izango da niretzat”.
Jaioterria, gogoan beti
Andoaindarra da Guerrero; bertan landu ahal izan zuen musika-oinarria, ezinbestekoa egin zaiona gerora hain ibilbide emankorra osatzeko, eta hori ez dauka ahazteko. “Aita melomano galanta izan dugu etxean; astero diskoak, klasikoak gehienbat, ekartzen zituen toka-diskoan jartzeko, edo bestela, Radio Clasica pizten zuen. Hortaz, txikitatik, modurik naturalenean entzun izan dugu musika. Gero Begoña Tolaretxipi musika irakaslearekin bere etxean solfeoa eta pianoa ikasten hasi nintzenean, orduantxe hartu nuen kontzientzia on egiten zidala musikak, eta musikari lotuta joan behar zuela nire bizitzak aurrerantzean”.
Tolaretxipirekin zorretan sentitzen dela aitortu du. “Ume kuadrilla bere etxeko eskaileretan gora, eskaileretan behera… Oso magikoak ziren eskola partikularreko ordu haiek. Asko zaintzen gintuen, pazientzia izugarria zeukan gaixtakerietan ibiltzen zirenekin ere, eta musika maitatzeko grina transmititzen zigun. Geroztik, nire inspirazioa izan da, izan ere, irakasle gisa musika-pedagogia modernoa asko lantzea egokitu izan zait, eta dena aitortzera, ohartzen naiz Begoña aitzindaria izan zela arlo horretan!”.
Guerrero, oso gazte zela, Andoaingo kulturgintzan erabat murgildu zen 80 eta 90eko hamarkadetan. Denboraldi hartan, kulturaren bidetik herri-komunitatearen sentimendua gorpuztu zen sentsazio gozoa dauka. “Oso urte politak igaro nituen eskolaz kanpoko ekintzen arloan, egia esanda. Eskola bateko ikasleak edo bestekoak izan, gazteak edo helduak izan... denok nahastuta eta elkarrekin, herria egiten ari ginenaren irudipena eduki izan dut beti. Hastapenean, esango nuke La Sallen Inazio anaiak zuzentzen zuen dantza taldera batu ginela ikastolako zenbait ikasle; Urki geroxeago eratu zuten, eskola guztietako ikasleekin. Denbora beretsuan, ikastolan, Joxe Mari Aizpuru irakasleak ikasleoi esan zigun koro parrokialak ahots zurien premia zeukala, eta hara bideratu gintuen zenbait. A ze nolako zirrara berezia eragin zigun pauso hura eman izanak! Egin kontu, gu, ume mokoak, Huizi anaiek (Pio eta Joxe Mari) gidatzen zituzten herriko gizon pusken (Karlos Letamendi, Lukas Arregi, Jose Luis eta Joxe Mari Etxeberria, Balentin Larrañaga...) ondoan kantari, hiletetan eta abarretan. Handik gutxira, emakume helduak ere erantsi ziren taldera, Alberto Agirre abesbatza ere eratu zuten, eta ni izendatu hura zuzentzeko! Ahalik eta ardurarik handienarekin jardun nuen orduan, eta eurak ere egundoko errespetuarekin jarri ziren neska gazte baten aginduetara. Egunez-egun errepertorio konplexuagoei ekin genien, Galizian bira egin genuen… Oso-oso aberasgarria egin zitzaidan sasoi hura, musikagintzan, abesbatzen zuzendaritzan…”.
Xaramel haur abesbatza ere zuzendu zuen bolada hartan. “Ikastolan, Andoni Elosegi, Amaia Etxezarreta, Leire Ibañez eta lauok bultzatu genuen. Entseguak eraikineko kupulan, emanaldiak han eta hemen, Kilometroak 90eko abestiaren grabaketa… Taldeak ez zuen ibilbide luzea egin, baina bai bizipen politak gordetzen ditudala garai hartatik!”.
Donostian bizi da azken urtetan, baina jaioterrian arrasto gogoangarria utzita dauka nonbait, eta halaxe adierazten diote herritarrek Andoainera etortzen den aldiro. “Badira diosala egitera hurbiltzen zaizkidanak, izan bi abesbatzetako kide ohiak, izan abesbatza txikiko guraso ohiak, izan musika zaleak… Orduko oroitzapenak nirekin partekatu nahi izaten dituzte, eta alde horretatik, oso maitatua sentitzen naiz jaioterrian”.
Kemen handiko musikaria
Andoainen erakutsi zuen ekintzailetasun horri eusten dio oraindik Guerrerok, geroztik. Musika irakasten, abesbatzak zuzentzen, abestien doinuak eta letrak sortzen, nahiz sortutakoekin abesbatzek abestu ditzaten egokitzapenak egiten, musika formakuntzako ikastaroak gidatzen…
Arlo ugari jorratzen dituen pertsona da Guerrero, eta honetaz gero, derrigorrezkoa egiten da galdetzea non arraiotik ateratzen ote zaion indarra. “Ez da erraza alderdi guzti horiek uztartzea, baina saltsera samarra izan naiz beti, eta buruan gauza bat baino gehiago eramateko gaitasuna eta kemena eduki izan ditut, orain arte behintzat. Horrela, etxetik lantokirako joan-etorria bizikletan egiten dudanean, ikasleei pianoko klaseak ematen dizkiedanean edota beste hainbat aldarteetan, burua makinatzen darabilkit; partituraren bat, ideiaren bat, egitasmoren bat...”.
Biografia oparoko musikagile amorratua
Junkal Guerrero Langarak egundoko ibilbidea osatu du musikagintzan. Bere biografiako zenbait xehetasun, jarraian:
- Begoña Tolaretxipirekin egin zituen solfeoko eta pianoko lehen ikasketak.
- Andoaingo Alberto Agirre eta Xaramel abesbatzen zuzendaria izan zen 80ko eta 90eko hamarkadetan.
- Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan goi mailako titulazioak Solfeoan, Pianoan, Klabean, Musika pedagogian eta Abesbatzen zuzendaritzan.
- Abesbatzen arloko ikasketak hainbat irakaslerekin (Javier Busto, Pierre Cao, Eric Ericsson, Erkhi Pohjola, Carl Hogset, Gunnar Erikson, Anders Eby, Gary Graden, John Poole, Laszlo Heltay…) sakondu du.
- Lasarte-Oriako Musika Eskolako irakasle eta zuzendaria izan zen 11 urtez, baita bertako abesbatzaren zuzendaria ere.
- Francisco Escudero Kontserbatorioan piano-irakaslea da 1999az geroztik.
- Beasaingo Loinatz abesbatza zuzendu zuen (2012-2017).
- Makina bat abesti konposatu ditu abesbatzentzat bideratuta, eta horietatik 42, CM Ediciones musicales plataforman jarri ditu edonoren eskura. Partituren edizioan (abesbatza, kamara, banda, orkestra) zabaltzeko web orria da CM Ediciones.
- Horietatik asko, Euskal Herriko eta Espainiako estatuko hainbat abesbatzek eskatuta egin izan ditu.
- Berak 2012-2017 epean zuzendu zuen Loinatz Abesbatzak, 'Loinatz Abesbatza, 30 urte Beasaingo arnasa kantu bihurtzen' izenburuko CDa argitaratu zuen 2016an, hainbat konposatzaileren abestiekin (Javier Busto, Xabier Sarasola, Junkal Guerrero, Eva Ugalde, David Azurza eta Josu Elberdin).
- Madrilgo Alaia Ensemble abesbatzak, Daniel de la Puente zuzendariarekin eta Irene Alfageme Borgeren pianojolearekin, Junkal Guerrerok ahots berdinentzako konposaturiko lan-sortarekin CDa kaleratu zuen iaz.
- Bere bost obra, Bi bihotz (2007), Kalera gazteak
» (2011),»Non degu, non?» ( 2015), “Eguzki printzak” (2016) eta Errota ( 2022) Tolosako Nazioarteko abesbatza lehiaketan derrigorrezko abesti izan dira. - Ikastaroak eman ohi ditu han-hemen, Euskal Herriko, Gipuzkoako, Nafarroako nahiz Iparraldeko Abesbatzen Federazioekin, Madrilgo Agrupacorosekin...
- Aurten, maiatzean, “Urrezko Batuta” eman dio Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak, eta baita Ohorezko Kide izendatu.
- Egun, Donostiako Antigua-Luberri BHI ikastetxeko gurasoek eta irakasleek osatutako Luberri Abesbatza mistoa eta Luberri Xuri ahots zurien abesbatza zuzentzen ditu.
- Abeslari gisa, Gabriel Baltesek zuzentzen duen KUP abesbatzako kidea da.
Erreportaje osoa Aiurri 658 hamaboskarian irakurgai dago
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.