Joxe Mari Igarategik Bikoitz argazki-dendako ondare guztia Andoaingo Udal Artxiboaren esku utzi du

Xabier Lasa 2024ko aza. 7a, 15:38

Joxe Mari Igarategi Balda argazkilariak, Bikoitz dendak 1994-2023 epealdian egin dituen milaka eta milaka argazki, erretratu eta bideo grabazioak Andoaingo Udal Artxiboan dohaintzan utzi ditu. Egundoko altxor horren dohaintzaren aurkezpen eta sinatze-ekitaldia udaletxean, gaur eguerdian egin dute. Argazki-sorta eta bideoa, ikusgai:

Andoni Alvarezek eta Joxe Mari Igarategik sinatu dute dohaitza hitzarmena. Horiekin batera, honakoek hartu dute parte udaletxean egindako agerraldian: Marta Lasa (EH Bildu), Aritz Alkain eta Belen Gonzalez (PSE-EE), Txitxu Ruiz (EAJ-PNV) eta Pepe Iparragirre (Ahal Dugu-Podemos) zinegotziak; Unai Rekondo Udal idazkaria; eta, Karmele Otaegi eta Marta Trutxuelo Udal Artxiboko artxibariak.

Sinatze ekitaldian, Andoni Alvarez alkateak Joxe Mari Igarategi Baldari eskerrak eman dizkio Andoaingo herritarren izenean, lehenengo eta behin. Argazkiek herritarren oroimena iraunarazteko izan ohi duten indarra gogorarazi du ondoren. “Beti esaten dugu herria osatzen dutenak herritarrak direla, beraiek osatzen dituzten momentuak, bizi dituzten uneak, aurrera eramaten dituzten ekimenak. Horietako bakoitza geratzen da gutako bakoitzaren oroimenean ez ezik baita iruditeria kolektiboan, baina zalantzarik gabe, argazki eta erretratuen bitartez lortzen dugu horiek denboran iraunaraztea”.

Argazkigintzan Andoainek betidanik erakutsi izan duen sentiberatasuna aipatu du Alvarezek, eta horren adierazle gisa, iraganeko argazkilari handiak (Sekundino Etxeberria, Moises San Jose eta Emilio eta Ramon Truchuelo anaiak) hartu ditu gogoan.

Argazki horien antzera, Igarategik ere dohaintzan Udal Artxiboaren esku utzi du beren funtsa, Andoaingo kultur ondarea galanki aberastuz era horretan. Altxor hori “behar den miresmen guztiarekin jaso eta gordeko” duela Udalak, zin egin du alkateak, azkenik.

Joxe Mari Igarategi pozik agertu da ekitaldian, Bikoitz dendako funtsa Udalaren esku geratu delako, eta etorkizunean herritarrek ere horiek eskuratzkeo aukera edukiko dutelako.

 

Milaka eta milaka irudi eta bideo

Artxiboko Karmele Otaegi arduraduna eta Marta Trutxuelo teknikaria arduratuko dira Igarategik utzitako 1994-2023 epeko funtsa digitalizatzeaz, kontserbatzeaz eta gizarteratzeaz, hain zuzen. Aipatu funtsa osoa zehazki baloratzea falta den arren, adierazi dute aurreratu daitekeela 35mm-ko hirurogei milatik gora negatiboek osatzen dutela batez ere. Halaber, esan dute ondare horri erantsi behar zaizkiola neurri ezberdineko plakak, positiboak, CDak eta DVDak, eta baita disko gogorrak ere.

Koloretan da material gehiena. 120 artxibo-karpetatan jasota dago guztia, zenbatuta eta kronologikoki ordenatuta.

Bestalde, gogoratu dute denetariko gaiak jorratzen dituztela formatu desberdinetan dauden irudi eta bideo-grabazio horiek. Alde batetik, urtez urte errepikatzen diren gertakariak jasotzen ditu (jaiak, Errege kabalgatak...). Eta bestetik, bakanak direnak, hots, behin bakarrik gertatutakoak; bigarren horien artean topa daitezke, konparazio batera, omenaldiak edota herriko etxe, kale eta beste hainbat ikuspegien irudiak.

Gaineratu dutenez, partikularren edo pertsonen irudi asko daude; batik bat, estudioko argazkiak, jaunartzeak, ezkontzak… Ohartarazi dutenez, kasu horien dagokionez, interesa agertzen dute herritarrei bakarrik utziko zaie, eskaera eginez gero.

Bukatzeko, adierazi dute bermatuta dagoela egoki gordetzea dohaintzan utzitako material hori dena; horretarako, bere garaian, Udal Artxiboan gela berezia egokitu zen honelako materiala (paperean zein negatibotan) behar den baldintzetan gordetzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!