Negozio-familiarra zena enpresa handi bilakatu da, 50 urteko epealdian. Ekitaldiaren ondoren hedabideetara bidalitako oharrean Joseba Zugasti Itasako Zuzendari Komertzialak egindako adierazpenok jaso ditu: "Urteurrenak aukera paregabea ematen digu gure bost hamarkadako historiaren inguruan hausnartzeko eta etorkizun arduratsu eta jasangarri baten inguruan dugun ikuspegia berresteko".
Goi mailako ordezkarien bisitaldia
Urteurrena ospatzeko goi mailako ordezkariak hurbildu dira Sorabillara. Honatx, ordezkarien zerrenda: Eider Mendoza, Gipuzkoako Diputatu Nagusia; Andoni Alvarez Lete, Andoaingo alkatea; Jose Luis Azkue, Eusko Jaurlaritzako Industria zuzendaria; Ane Insausti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua; Iñaki Munduate, Euskadiko Paperaren Klusterraren Elkarteko presidentea; Iñaki Ugarte, kluster bereko gerentea; Jose Miguel Ayerza, Adegiko zuzendari nagusia; Isabel Busto, Adegiko presidentea; eta Rakel Martín, Gipuzkoako Elkargiko zuzendaria.
Langile fidelei aitortza
Ekitaldian, Itasan 25 urte baino gehiagoko ibilbidea duten langileei aitortza egin zaie "enpresarekiko leialtasuna, dedikazioa eta konpromisoa" nabarmenduz.
Nazioartera begira ari da lanean
Release liner delakoen ekoizpenean espezializatutako erreferentziazko enpresa gisa finkatu da nazioartean. Enpresak Andoainen (Espainia) eta Queretaron (Mexiko) ditu instalakuntzak. Itasak garatzen dituen produktuak funtsezkoak dira norberaren zaintzarako aplikazioetan, medikuntza-sektorean, etiketa autoitsaskorretan, arte grafikoetan, elikagai-bilgarrietan, konpositeetan, espezialitate industrialetan eta zinta itsaskorretan.
Datuak, aipatzearren, honako hauek nabarmenenak: "2021az geroztik, Mativ material berezien arloko lider globalaren parte da Itasa, eta, horri esker, berrikuntzarako eta hedapenerako gaitasuna sendotu du. Azken urtean, Itasak Mexikon zuen ekoizpen-gaitasuna bikoiztu ahal izan du. Hazkunde iraunkor hori enpresaren emaitzetan islatzen da, 2024 amaierarako 156 milioi euroko fakturazioa eta 224 pertsonako plantilla lortzea espero baitu, merkatu globalean funtsezko eragile gisa sendotuz".