Andoain Solidario taldeak Valentziako hertiari laguntzeko ekimen berria prest du: jaialdi solidarioa. Datorren azaroaren 24an izango da, Bastero Kulturgunean. Ohar bidez xehetasunak eman dituzte: "Ekimen honen bidez bilduko den diru guztia DANAk eragindako kalteak arintzeko bideratuko da, eta sarrerak Basteron eta Elizondo tabernan eros daitezke, 5 euroko prezioan". Halaber, Basterora joaterik ez dutenentzat, "0 lerroa" izango da eskuragarri. Horretarako, Caja Rural banketxeko kontu korrontea ireki dute, dohaintzak egiteko: ES88 3008 0159 8753 2893 1422.
Deialdiarekin bat egin dute heziketa eta kultur mailako eragile ugarik: Klaap dantza eskola, Joseba & Bakartxo dantza eskola, Sevillanak, Azelain ballet elkartea, Urki dantza taldea, Olagain Udal txistulari elkartea, Maizorri txalaparta-eskola, Malkogarriyak, Unai Garcia, Andoaingo bertso eskola, eta Imanol Iribarren-Salva Parada-Fede Abreu hirukotea.
"Andoaingo herritarrek elkartasuna eta hurbiltasuna adierazteko" aukera polita delakoan dira Andoain Solidario ekimeneko kideak.
Antolatzaileek andoaindarrei dei egiten diete datorren azaroaren 24an Basterora hurbildu daitezen. Emanaldia 12:00tan hasiko da.
Urriaren amaieran hasita, herritar ugarik laguntza eman du Valentziara bideratzeko. Aurreko astean, esaterako, Andoaingo Udalak eskertza adierazi zuen ohar bidez: " Anbrosia Olabide eraikineko bilketa puntura euren dohaintza egitera gerturatu den lagun bakoitzari, baita bilketa momentuan lagundu duten edo lekura bertara laguntzera doan bolondres taldeari ere eskerrik asko".
Laguntzeko aukera berria izango da, beraz, laster.