Andoni Alvarez alkateak eta Marta Trutxuelo Udal Artxiboko teknikariak aurkeztu zituzten aldizkaria osatzen duten lau lanen egileak. Alvarezek, egileei hitza eman aurretik, aldizkaria hastapenetik babestu duen Kutxa Fundazioari eta bere ordezkari Mikel Insaustiri eskerrak eman zizkien, “Leyçaur bezalako ekimenak ezingo bailirateke aurrera eramaterik izango, Kutxak ematen digun laguntza ekonomikorik eta babesik gabe”. Segidan, Karmele Otaegi Udal Artxiboko langileari babesa agertu zion, ezin izan baitzuen agertu ekitaldira, berriki egin dioten ebakuntza dela medio.
Alvarezek, bestalde, 17 ediziotara iritsi den Leyçaur aldizkaria goraipatu zuen, “Ez du ibilbide makala egin, 1990ean lehen alea argitaratu zuenetik. Andoaingo intereseko historiak bildu ditu beti, alez ale, askotariko gaiak landuz. Beti ere, gure herria eta bertako biztanleak protagonista izan ditu”.
Marta Trutxuelok eskerrak eman zizkien mahaikide zituen lau historialariei egindako lan txukun eta interesgarriengatik, eta aldi berean, deia egin zien historiagileei, eta bereziki Andoaingoei, “animatu nahi ditugu gure herriko historia ikertzera. Artxiboaren ateak irekita dauzkazue, eta Leyçaur erakusleiho paregabea da zuen ikerketentzako”.
* Urak gainezka egiten duenean. Indarkeria interpertsonala Andoainen Antzinako Erregimenean. Iosu Etxezarraga Ortuondo.
Gatazka eta biolentzia kasuak aztertu ditu Etxezarragak, Andoaingo errenazimenduan- Alegia, zein testuingurutan ematen zen, zein ondorio zituen eta giza komunitateak eta erakundeek nola hartzen zuten. Konfesionaltzea eta diziplinatze sozialaren garaian biolentzia interpertsonalaren muturreko adierazpenen inguruko dinamikak aztertzen ditu lanak, eta epe ertain eta luzeko bilakaeran ikusten diren joerak identifikatzen ditu. Egileak Basteron azpimarratu zuenez, alkohola eta festa giroan gertatu ziren, bereziki, aztertu ahal izan dituen indarkeria kasuak.
* Euskararen transmisioa Andoainen XX. mendean. Hainbat emakume euskaldunen bizipenak eta ikuspuntuak. Garbiñe Agirre Azpiazu.
Garai desberdinetako 44 emakumeren testigantzak bildu ditu Agirrek, artxiboko agiriekin batera. Emakume horiek zein hezkuntza eta bizipenak izan zituzten haur, gazte eta heldu garaian, eta etxetik kanpo, euskararen transmisioan egin zuten lanketa kontatzen du ikerketa lanean. Euskararen transmisioaz gain euskaldun izatearen kontzientzia Andoainen zabaldu izana aitortu zien horiei guztiei Agirrek bere hitzartzean. Bereziki, asko ez dela gure artetik joandako Ixiar Arin eta Arantxa Iartza gogoan hartu zituen.
* Martin Ugalde eta Andoain. Sorterriko korapiloak. Jon Unanue Lopez.
Gerraostean Andoainen eta batik bat Venezuelako erbestealdian Martin Ugaldek bere herrikide, adiskide eta familia kideekin izandako gutun-trukaketa du aztergai Unanuek. Gutun horien mamiaren berria ematen du, jomugan hartuta Ugaldek gutun horietan agertzen dituen kezkak eta korapiloak.
* Miercoles jueves y vietnamitas (Andoain 1971-1975). Peio Urrutia Ochoa.
XX. mendeko 70. hamarkadaren lehen erdiko Andoain aztertu du Urrutiak. Egileak, eskertzen atalean, laguntza handikoak izan zaizkion udal artxiboko langileak eta ikerketa egiteko garaian lekukotza eman dioten pertsonak aipatu zituen. Aldi berean, Leyçaur aldizkaria goraipatu zuen, ikerlariei bideak erraztuz eta Andoaingo historia zabalduz 34 urtetan egin duen ibilbideagatik.
Peio Urrutiak, beste bost ikerlan argitaratu ditu aurreko Leyçaur aldizkariko edizioetan, Andoain eta frankismoa gaitzat hartuta: “El Imposible aleman: memoriua de la escuela de posguerra”, (1998); “De los años triunfales a los días sin postre: crónica de una posguerra en clave de hambre” (2000); “Variaciones sobre gris: adoslencia y vida cotidiana en el primer franquismo (Andoain, 1939-1951)”, (2006); “XXV años de paz y cinco mil dias de paciencia”, (2008); eta, “Doce mil tres: apuntes para el final de una decada (Andoain, 1966-1970)”, 2010).
Rosa Ayerberen eranskin dokumentala
Erdi Aroan eta Aro Modernoan aditua den Rosa Ayerbe Iribar Andoaingo historialariaren eskutik dator, Leyçaur 17 aldizkariaren eranskin dokumentala. Gipuzkoako artxibo probintzialean barrena bere ikerketetan lortutako materiala oparitu dio Andoaingo artxiboari berriki, eta hain zuzen, agiri historiko horietako bi transkibituta agertzen dira azken Leyçaur honetan. Andoaingo lehen eskola-maisuarekiko kontratua (1607) da bat, eta bestea, kontzejuko karguen lehenengo hauteskundeeen ingurukoa (1617) da.