Milagrosaren ospakizuna, hurrengo egunetan

Aiurri 2024ko aza. 16a, 09:31

Milagrosaren Bederatziurrenaren ospakizunaren antolatzaileek oharra zabaldu dute, hurrengo egunetan izango diren ospakizunen inguruan.

Jakinarazi dutenez, aurten, ohiko Bederatziurrenaren ordez, honako ekitaldiak ospatuko dira, denak San Martin parrokian:

* Larunbatean (hilaren 23a) eta igandean (hilaren 24a) mezetan otoitza egingo da.

* Asteazkenean (hilaren 27an), Milagrosaren eguna izanik, 18:30ean meza solemnea izango da, abesbatzak abestuta.

Ekitaldi horretan, Andoainen etxez etxe dabilen Milagrosaren irudiaren urteurrena dela gogoratuko dute.

Milagrosaren irudia, kapera txikian

 

Antolatzaileek ohiko ospakizunekin gertatu den aldaketaren zergatia azaldu dute. “San Martin parrokian astean zehar jada mezik izaten ez denez eta aste bukaerakoak ere murriztu egin direnez, Milagrosaren inguruan ditugun ospakizunen datak ere egokitu-murriztu behar izan dira”.

Gogoratu behar da, Eliza katolikoaren liturgian, Bederatziurrena debozio-ekitaldia dela, bederatzi egunetan egiten dena, eta bere xedea izaten dela grazia bat lortzea edo asmo jakin bat eskatzea. Kristori berari eskainia egon daiteke, edo santu kanonizaturen bati, bere bizitzan zehar lortutako merituengatik Jainkoaren aurrean bere bitartekaritza ahaltsuagoa denean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!