Junkal Guerreroren abestiak ez ezik, Eva Ugaldek, Xabier Sarasolak eta beste zenbait konposatzaileek sortutako abestiak interpretatu zituzten bi abesbatzek.
Gainera, Ugaldek eta Sarasolak Basteroko emanaldian parte hartu zuten tarteka, pianoa jotzen nahiz zuzentzen.
Daniel de la Puentek Alaia abesbatza zuzendu zuen, eta Katrin Iturraldek gazteen abesbatza. Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko kideek ere ez zuten hutsik egin nahi izan. Horrela, oholtzara igo ziren emanaldiko une batean, eta Alaia abesbatzarekin batera, Xurian xuri abesti herrikoia abestu zuten.
Hunkituta eta biziki eskertuta
Junkal Guerrerok hitza hartu zuen ekitaldiaren amaiera aldera, eta oso hunkituta agertu zen, arrazoi ugari zirela medio. Batetik, halako musika emanaldia bere jaioterrian ospatzeagatik, bertan ekin baitzion musikagintzari, eta hori ez baitauka ahazteko. Bigarrenik, herriko gazteak ikusteagatik hain gozo abesten, eta emanaldia aberasten. Bestalde, bere abestiekin CDa osatu duen Alaia abesbatza oholtzan ikusteak ere bereziki poztu zuela aitortu zuen. Guztiei, eskerrak eman zizkien, aitortza ekitaldia betirako gogoan gordeko duelako eta musikagintzan orain arte egindako ibilbidearekin segitzeko kemena emango ziolako aurrerantzean.
Junkal Guerreroren hitzartzea, bideoz ikusgai
Beste hainbat bideoen artean, honako honetan Guerreroren hitzartzea topa daiteke.
Hain zuzen, Alaia abesbatza eta Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko kideak: Xurian xuri abesti herrikoia; Junkal Guerreroren hitzartzea; eta, Alaia abesbatzak Belatzarena (moldaketa: Junkal Guerrero):