Alex Txikonek ireki du Euskaldunaren mendi-astea

Xabier Lasa 2024ko aza. 19a, 11:28

Heriotza gertu ikusi arazi zion Manasluko mendi-espedizioa izan zuen hizpide Alex Txikon goimendizaleak Basteron, atzo. Komunikatzaile bikaina da Txikon, eta epikaz beteriko kontakizuna egin zuen, hasiera emanez Euskalduna Mendigoizale Taldeak antolatutako mendi-asteari.

2023ko urtarrilaren 6an, sei eskalatzaile sherpekin batera Manasluko gailura (8.156 m.) zapaldu zueneko bizipen pertsonala kontatu zuen Txikonek Basteron. Gogoan hartu behar da egundoko arrakastatzat jo zela igoera hura, 20 urtetan neguan bete gabekoa baitzen.

Era horretan, zortzimilakoen igoerek berez beraiekin dauzkaten baldintza eta zailtasun tekniko edo metereologikoez gain, arlo pertsonalekin zerikusia gehiago duten hainbat alderdi jorratu zituen: hala nola, beldurrarekin borroka, muturreko emozio etsigarri nahiz pozgarrien kudeaketa, hil ala biziko egoera bizitzearen sentsazioa…

Behin baino gehiagotan “hil behar banaiz, hil egingo naiz, beldurrik gabe” pentsatzeraino heldu zela aitortu zien Txikon lemoarrak Basteron bildu ziren mendizaleei.

 

75. urteurrena ospatzen ari den Euskalduna MTko kideak Alex Txikonekin astelehenean, Kale Nagusiko egoitzan (Argazkia: Euskalduna MT)

 

Euskaldunaren mendi-astea, egunez egun

* Asteartea, azaroaren 19a:

Mendi Filmeko zenbait ikus-entzunezko: Rope; Zerbait aldatu da; La Gara; The Silent Escape; eta, Udalatx, ura eta atxa.

Basteroko auditorioan, 19:00etan.

Besteak beste, "Udalatx, ura eta atxa" ikusentzinezkoa, Eñaut Iturbe Anduaga, Iban Ayesa Azkoaga egileen eskutik

 

* Asteazkena, azaroaren 20a:

“Ekuador: Sumendien etorbidea”.

Euskaldunako Jabi Gozalo, Joxean Irazu eta Fernanda Bravo bazkideen eskutik.

Euskaldunaren egoitzan, 19:00etan.

 

* Osteguna, azaroaren 21ean:

Euskal herritarren Everestera lehenengo igoera.

Pasan Temba Sherparekin solasaldia.

Basteroko ekitaldi aretoan, 19:00etan.

 

* Igandea, azaroaren 24an:

Mendi irteera, 75. urteurreneko bazkaria.

 

* Asteazkena, azaroaren 27an:

“El circo de Lescun” liburuaren aurkezpena, Juan Mari Ansa egilearekin.

Euskaldunaren egoitzan, 19:00etan.

 

* Ostirala, azaroaren 29an:

Euskaldunako M.T. espedizioa Tirolen, Xabier Huitziren eskutik.

Euskaldunaren egoitzan, 19:00etan.

 

Euskaldunaren oharra:

75. urteurreneko izerditzeko-jertsea (sudadera) salgai dago egoitzan. 20 eurotan.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!