Aita Larramendi Ikastolako ikasketak eta balleteko prestaketa saioak burutzen ematen du eguna. Gaztea izanik ere, pasioz bizi du balleta: nazioarteko konpainia batean aritzea ametsa betetzea litzateke. Hori lortzeko lanean ari da buru-belarri.
Youth America Grand Prix delako lehiaketa da Parisekoa. Zer den azaltzerik bai?
Youth America Grand Prix (YAGP), balleteko nazioarteko lehiaketa da. Egun, munduko handiena da parte hartzen duten dantzari kopuruagatik. 9 eta 19 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago. Lehiaketak munduko ballet eskola garrantzitsueneko zuzendari eta ordezkariak elkartzen ditu, talentua bilatu eta etorkizunari begira aukerak emateko.
Propio Parisera joateko lanketa berezia egin behar izan al zenuen?
Lehenik eta behin, balleta egunero landu behar den jarduera da. Izan ere, honek memoria muskularraren erabilera handia eskatzen du. Denbora batez uztea, beraz, saihestu behar da. Honekin esan nahi dudana da, egunero dagoela zer hobetua eta egunerokotasunean landu beharrekoak. Hala ere, txapelketa garrantzitsu honetara joateko prestakuntza berezia egin behar izan dut, bertan dantzatu nituen aldaeretan inoiz probatu gabeko pausoak baitzeuden.
Parisen saridun izateak zer esan nahi du zuretzat?
Ohore bat izan da txapelketa honetan hiru beka eskuratzea –Zurich, Oslo eta Hamburgo hirietan aritzeko–, eta hirugarren saria eskuratzea Adriana Marquieguirekin batera. Eta garrantzitsua da niretzat, batez ere, txapelketa honek duen izenagatik eta baita lekuagatik ere. Parisera iritsi eta lehen unetik horrenbesteko ilusioz amesten nuen bertako Opera ikusteak, non nengoen jabetzeko balio izan zidan. Nahiz eta Parisen izan, saria eskuratu nuen dantza-piezan euskal kultura agertzen saiatu ginen. Esaterako, hemen hain ezagun ditugun txapela eta gona jantzita aritu nintzen. Gainera, euskal doinu batekin dantzatu genuen bikotekako dantza bat! Bikoteka egin genuen bestean eta bakarka egin nituen beste bietan errepertorio klasikoa erabili beharra zegoen.
Zein toki dute dantzak eta balletak zure egunerokoan?
Balletak egunerokoan toki nabarmena hartzen du, izan ere, nire pasioa da. Duela gutxi ezagutu arren, mundu honetan dagoen gauzarik oneneterikoa da. Neurria har iezaiozuen, Aita Larramendi ikastolan ez nagoen beste momentu guztietan balleta dantzatzen ari naiz. Eta, pentsa, ikastolan nagoenean ere balleta dut buruan.
Elkarrizketa osoa Aiurri 659 hamaboskarian irakurgai dago
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.