Andoain Solidario herritarren taldeak jakinarazi duenez, DANA ekaitzak eragindako kalteak arintzeko bideratuko da biltzen den diru guztia.
Sarrerak Basteron eta Elixondo tabernan eros daitezke, 5 eurotan prezioan.
Antolatzaileek dei egin diete Andoaingo herritarrei eta ingurukoei, azaroaren 24an Basteron elkar daitezen, “eguna ilusioz partekatzeko eta kaltetuei laguntzeko”.
Herriko hainbat kulturgile
Ekitaldian, herriko hainbat talde eta artistek parte hartuko dute, Andoaingo kultur esparruaren aniztasuna islatuz. Hona parte-hartzaileak:
- Klaap Dantza Eskola.
- Joseba&Bakartxo Dantza Eskola.
- Sevillanak (Zuena elkartea).
- Azelain Ballet Elkartea.
- Urki Dantza Taldea.
- Olagain Udal Txistulari Elkartea.
- Maizorri Txalaparta Eskola.
- Malkogarriyak.
- Unai Garcia abeslaria.
- Andoaingo Punttuka Bertso Eskola.
- Kanbalatxe Tango hirukotea: Fede Abreu (ahotsa), Imanol Iribarren (pianoa) eta Salva Parada (bandoneoia).
Dohaintzan emandakoarekin, zozketa
Andoain Solidario Ekitaldi solidario elkarteak jakinarazi duenez, ekimena gehiago aberasteko, “herriko saltoki eta enpresek hainbat objektu emango dituzte, eta horiek azaroaren 24an Basteron bertan zozkatuko dira”.
Halaber, Basterora joaterik ez dutenentzat "0 lerroa" izango da eskuragarri, dohaintzak egin ahal izateko. Horretarako, Caja Rural banketxeko kontu korronte hau ireki da: ES88 3008 0159 8753 2893 1422.
Ekimen honek, “diru-laguntzak biltzeaz gain, komunitatea elkartasun giroan elkartzeko aukera emango du, Andoaingo herritarrek elkartasuna eta hurbiltasuna adierazteko” gaineratu du elkarte antolatzaileak.
Kirol taldeei gonbidapena
Bestalde, herriko kirol klubak ere parte hartzera animatu ditu Andoain Solidario elkarteak, asteburu horretan beren kirol topaketetan ekintza sinbolikoren bat egin dezaten, eta elkartasunaren mezua zabaldu eta kausaren alde egin dezaten.