"Arropa eta osagarriak erdi prezioan ditugu, eta bizikletak ere oso prezio onean dira"

Aiurri 2024ko aza. 22a, 07:00

Jose Ignacio Garmendia eta Reme Parra Kurpil Garmendian aritu dira, 1985etik honaino. Erretiroa hartzear dira, behin denda hustutzea lortzen dutenean. Likidazioan dira, asteotan.

Noiz ireki zenuten Kaleberrian negozioa?

Jose Ignacio Garmendia: 1985ean denda zabaldu genuen, eta urte batzuk beranduago tailerra.

Zure aitak, aspaldian, Eskola kalean zuen bizikleta tailerra. Kaleberriko haren jarraipena izango da, ezta?

J.I.G.: Bai, halaxe da. Han hamabi urtez aritu nintzen eta, hura ixtearekin batera, Kaleberrikoa zabaldu genuen.

Dendak ez zuen, hasierako urte haietan, egungoaren antza.

Reme Parra: Ez, dendaren eskaintza zabalagoa zelako. Haurrei eskainitako gunea izan genuen eta, horrez gain, motorrak, bizikletak, arropa…

Urte horietan babesa eman diozue hainbat kirol taldeei.

J.I.G.: Leizaur taldean murgilduta izan gara, esaterako. Eta hura babesten jarraitzen dugu.

Bezero fidelak izan dituzue urte hauetan guztietan.

J.I.G.: Bezero fidelak eta jende jatorrak, gehien-gehienak. Haientzat ere denda ixtea galera izango da. Aurrerantzean nora joan erabaki beharko dute, gure jarduna bukatzear baita.

Eskerrak emateko aukera baliatu nahi al duzu?

J.I.G.: Bai, bezero jator asko ditugulako. Bezeroa ahalik eta ondoen zaintzea giltzarri dela uste izan dugu beti, eta horri esker lortu dugu fideltasun handiko bezeroak izatea. Izan ere, salmentan fin ibiliz gero, berriro gerturatuko zaigu.

Tokiko merkatalguneekiko zein ikuspegi duzu?

J.I.G.: Panorama txarra da denda txikiontzat. Ikustea besterik ez dago: lokal ugari dago hutsik. Hainbat merkatarik erretiroa hartu dute eta, segidarik ezean, negozioak itxi dira. Zaila da aurrera egitea hedadura handiko merkatalgune handien eta internet bidezko negozioen agerpenarekin.

Ixteko egunean zerbait berezia egiteko asmoa duzue?

J.I.G.: Ez. Egia esan, ixteko gogoz gaude. Likidazioan gaude, eta ezer berezirik egitea ez dugu aurreikusten. Jendeak, honezkero, badaki ixtera goazela. Eguna ez dugu zehaztuta, salmenten araberakoa izango baita. Pixkanaka, denda hustutzen ari da. Arropa eta osagarriak erdi prezioan ditugu, eta bizikletak ere oso prezio onean dira. Salmenta hori bideratu nahi dugu, ez ditugulako etxera eraman nahi.

Behin denda hustuta, etxera joango gara. Gogoz, gainera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!