Zer eskaintzen du Tximeleta oihal-dendak?
Oihal-denda eta joskintzarako tresnak saltzen dituen mertzeria izateko ireki dut Tximeleta. Hori izan zen nire hasierako planteamendua, eta dendak berak ematen didan espazio ez oso zabalera egokituz, zerbitzu gehiago eskaintzen ari naiz geroztik. Konponketa txikiei ekin diet, eta etorkizunari begira, eskaintza zabaltzen segitzeko asmoa daukat. Esate batera, badaukat buruan jendearentzat ikastaro eta tailerrak antolatzeko gogoa. Horretarako, jada lortu ditut josteko lau makina eta jantzien eta osagarrien barne-josturak lantzeko beharrezkoa den erremalladora bat; lehenbailehen nahi nuke tailer horiei heldu. Bestalde, diseinu pertsonaleko salgaiak gehiago lantzeko asmoa daukat; poltsa, motxila eta diru-zorro bakan batzuk baino ez ditut diseinatu oraingoz.
Denborak esango dit gauza naizen ala ez egitasmo guztiekin ondo moldatzeko, izan ere, lan-egunak agudo batean igarotzen baitira eta dendaren espazioa ere ez baita oso zabala. Baina ilusioz eta kemenez beterik nago.
Ilusioa aipatu duzu. Nola joan zaizkizu denda irekiz geroztikako egun eta asteak?
Pozik nago jendeak dendari eman dion harreragatik. Beti-betiko denda da, erakusleiho polita dauka, barrua abegikorra da, eta hori gustukoa du jendeak. Esate batera, lehengo batean, Urdax herritik pertsona bat urreratu zitzaidan dendara. Facebooketik eduki zuen dendaren berri, eta aurrez-aurre ikusi nahi zuelako etorri zen; emozio handia eragin zion bisitak. Neu ere agudo batean maitemindu nintzen dendarekin, kanpoko erakusleihoa eta barruko espazioa ikusi orduko.
Denda ireki nuenetik gozatzen ari naizela aitortu behar dut. Jangela bateko langilea izan naiz urtetan, eta erabaki latza izan zen negozioa propioa irekitzeko erronkari heltzea. Bizitzan egin ohi duzun apustu handi horietakoa izan zen, eta gozatzen ari naiz oraingoz, esan bezala. Ekimena eta negozioa zeurea izateak, zeure esku egoteak asko dauka erronka pertsonaletik, eta ohartu naiz horrek bereziki motiba zaitzake.
Egia esan, funtsezkoa den laguntza ere alde guztietatik jaso dut: lokalaren jabea, Udala, bezeroak, familiak…
Andoainen komertzioak ixteko joera zabalduta dago azken aldian, irekitzekoa baino gehiago.
Hala da, eta tristura ematen du egoera horrek, denok ere ados baikaude herriko komertzioek bizitasuna ematen diotela herriari. Denda irekitzera animatu ninduen negozioaren bideragarritasun azterketak nahiko argi adierazi zidan denek denen premia izaten dugula, katean doala kontua. Alegia, denda zehatz batek erakartzen dituen bezeroak ondoko dendako bezero potentzialak ere izan daitezkeela. Hortaz, dendak denden lagungarri dira; jende-mugimendua eragiten dute kale edo auzo batean, eta horrek, aldi berean, arnasa eta bizi-poza ematen dio herri bati.