Joxe Mari Igarategi Balda argazkilariak, Bikoitz dendak 1994-2023 epealdian egin dituen milaka eta milaka argazki, erretratu eta bideo grabazioak Andoaingo Udal Artxiboan dohaintzan utzi ditu berriki. Egundoko altxor horren dohaintzaren aurkezpen eta sinatze-ekitaldia udaletxean egin zuten azaroaren 7an.
Andoni Alvarez alkateak eta Joxe Mari Igarategi berak sinatu zuten dohaintza hitzarmena. Horiekin batera, honakoek hartu zuten parte udaletxean egindako agerraldian: Marta Lasa (EH Bildu), Aritz Alkain eta Belen Gonzalez (PSE-EE), Txitxu Ruiz (EAJ-PNV) eta Pepe Iparragirre (Ahal Dugu-Podemos) zinegotziak; Unai Rekondo Udaleko idazkaria; eta, Karmele Otaegi eta Marta Trutxuelo Udal Artxiboko artxibariak.
Sinatze ekitaldian, Alvarezek Joxe Mari Igarategiri eskerrak eman zizkion Andoaingo herritarren izenean, lehenengo eta behin. Argazkiek herritarren oroimena iraunarazteko izan ohi duten indarra gogorarazi zuen alkateak, ondoren. “Beti esaten dugu herria osatzen dutenak herritarrak direla, beraiek osatzen dituzten momentuak, bizi dituzten uneak, aurrera eramaten dituzten ekimenak. Horietako bakoitza geratzen da gutako bakoitzaren oroimenean ez ezik baita iruditeria kolektiboan ere, baina zalantzarik gabe, argazki eta erretratuen bitartez lortzen dugu horiek denboran iraunaraztea”.
Argazkigintzan Andoainek betidanik erakutsi izan duen sentiberatasuna aipatu zuen Alvarezek aldi berean, eta horren adierazle gisa, iraganeko argazkilari handiak (Sekundino Etxeberria, Moises San Jose eta Emilio eta Ramon Truchuelo anaiak) hartu zituen gogoan.
Gehitu zuenez, “argazki horien antzera, Igarategik ere dohaintzan Udal Artxiboaren esku utzi du bere funtsa, Andoaingo kultur ondarea galanki aberastuz era horretan”.
Altxor hori “behar den miresmen guztiarekin jaso eta gordeko” duela Udalak, ziurtatu zuen alkateak, azkenik.
Joxe Mari Igarategi pozik agertu zen ekitaldian, Bikoitz dendako funtsa Udalaren esku, eta hain zuzen, Artxiboko Karmele Otaegi arduradunaren eta Marta Trutxuelo teknikariaren esku geratuko delako. Gaineratu zuenez, ez dauka zalantzarik herritarren esku jarriko dela argazki-sorta guztia, goiz ala berandu.
Egin behar da kontu, Bikoitz dendaren bildumak, orain arte Udal Artxiboak jasotako dohaintzei jarraipena emango diola, kronologikoki. Izan ere, truchuelotarren argazki-ondareak 1995 urte arteko garaia hartzen du.
Makina bat irudi eta bideo
Igarategik utzitako funtsa digitalizatzeaz, kontserbatzeaz eta gizarteratzeaz arduratuko diren Karmele Otaegik eta Marta Truchuelok adierazi zutenez, aipatu funtsa osoa zehazki baloratzea falta den arren, aurreratu dezakete 35mm-ko hirurogei milatik gora negatibok osatzen dutela batez ere. Halaber, esan zuten ondare horri erantsi behar zaiola neurri ezberdineko plakak, positiboak, CDak eta DVDak, eta baita disko gogorrak ere. Koloretan da material gehiena. 120 artxibo-karpetatan jasota dago guztia, zenbatuta eta kronologikoki ordenatuta.
Erreportaje osoa Aiurri 659 hamaboskarian irakurgai dago
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.