Azaroak 25 | 2024

“Ez bazara konponbidea, arazoa zara” lelopean Goikoplazan bildu dira, ilunabarrean

Xabier Lasa 2024ko aza. 25a, 19:56

Indarkeria matxistak aurten hil dituen emakumeak gogoan hartzearekin batera, indarkeria horrek forma berriak hartu dituela gizartean eta ardurak hartzeko garaia dela ohartarazi dute, Goikoplazan ilunabarrean egin duten elkarretaratzean, Andoaingo Mugimendu Feministak deituta. Argazki-sorta eta bideoa, ikusgai: 

Euskal Herrian 2024an gizonek bost emakume erail dituztela, eta gaur bertan, Orihuelako erailketa matxista gertatu dela salatu dute antolatzaileek, irakurri duten adierazpenean. Era berean, biolentzia bikoitza -patriarkala eta Israelgo estatuaren zapalketa- jasaten ari diren emakume palestinarrek elkartasuna helerazi diete.

Gehitu dutenez, asko dira zoritxarrez oraindik mobilizatzeko arrazoiak, “gure egunerokoan normalizatuta ditugu erasoak, bortxaketak, beldurrak, erailketak… Sistema zisheteropatriarkal kapitalista, kolonial eta kapazitista honek forma berriak hartzen ditu bizirauten jarraitzeko”.

Egunerokoan ematen diren hainbat egoera salatu dituzte. “Sexu erasoak, indarkeria ekonomikoa, mugak eta irregularizazio egoerak, gorroto diskurtsoen gorakada, estigma soziala, indarkeria matxisten kasuen trataera bortitza komunikabideetan, zaintzen banaketa desorekatua, sare sozialetako misoginia eta jazarpen anonimoak…, ez dira kasu isolatuak eta emakume zein sexu-genero disidenteon osasun fisiko eta psikologikoan ondorio larriak dituen indarkeria sistemikoaren parte dira. Indarkeria ugari dira baina erro bakarra. Ez gatoz ezer berria esatera, urteak daramatzagu gauza berdinak aldarrikatzen”.

 

Indarkeria matxistaren forma berriak

Indarkeria matxista “forma berriak hartzen” ari dela espazio birtualean eta une honetan ere, emakumeek “autodefentsarako tresnak birpentsatu beharko” dituztela adierazi dute. “Kontatzen digute beldur izan behar dugula. Kontuz ibiltzeko. Ekiditeko leku eta pertsona ezezagunak, saihesteko desorduak. Badaezpada ere, etxeratze kolektiboetan egiteko bueltako bidea. Hartzeko guk ardura, eraso ez diezaguten. Izua erabiltzen dute gure bizitzak kontrolatu eta menderatzeko. Arriskua diziplinatzeko. Erruduntasuna, erantzukizuna bandoz aldatzeko. Subjetu pasibo eta beldurti nahi gaituzte. Biolentzia eta autodefentsarako gaitasunik gabe. Kontatzen digute haserrearen eta amorruaren kudeaketa pedagogikoa dela beti gure bidea. Baina nazkatuta gaude! Eta haserre gaude!”.

Aldaketak oso motel doazela, eta ardurak hartzeko unea dela guztiontzat, gogorarazi dute.

Arduren atalarekin jarraituz, eta "Ez bazara konponbidea, arazoa zara" leloari eutsirik, mezu zuzena zabaldu dute: “arazoa zarete eraso bat salatzen dugunean gure hitza zalantzan jartzen duzuenak; arazoa zarete erasoren bat jasan dugunean justifikatzen edo errua guregan jartzen duzuenean; arazoa zarete feministok urtetan zehar salatzen gabiltzan indarkeriaren aurrean erantzukizunik hartzen ez duzuenean. Gizon gehienek konplizitatea, justifikazioa eta indarkeria matxistak desagerrarazteko eta salatzeko konpromezu falta izaten jarraitzen duzue”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!