“Feminizketak" eta "Ikusgela” lanek irabazi dituzte Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak

Xabier Lasa 2024ko aza. 28a, 00:37

Berria egunkarian argitaratutako “Feminizketak” elkarrizketa sortak Kazetaritza Saria jaso du; Maite Asensio, Amaia Igartua eta Isabel Jaurena kazetariak dira bere egileak. Komunikazio Saria, berriz, “Ikusgela” lanarentzat izan da, Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen proiektua da. Azkenik, Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzaileari eman diote ohorezko mugarria. Basteroko ekitaldiko hainbat hitzartze, bideoz ikusgai (behean):

Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik aurkeztu dute Basteron egin den ekitaldia, eta saridunek ez ezik, Andoaingo alkate Andoni Alvarezek eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Aitor Aldasorok ere hitza hartu dute.

 

Zortzi finalista, bi sarietan

Hona zeintzuk izan diren aurtengo edizioko lau finalistak, sari bakoitzean:

* Kazetaritza Saria:

- "Nerabeak eta sexu-heziketa: pornoa ote da arazoa?", June Fernandezek Argia aldizkarian argitaratutako erreportajea.

- “Juana”, Jon Artano Izetak idatzitako liburua.

- “Feminizketak”, Maite Asensio, Amaia Igartua eta Isabel Jaurena kazetariek BERRIA hedabidean argitaratutako elkarrizketa sorta.

- “Bada”, Gazteon hedabidea.

 

* Komunikazio Saria:

- “Ikusgela”, Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen proiektua.

- "Ezer ez eta festa" podcasta, Berria.

- “Ez hain ondo”, bideopodcasta, EITB Podkast.

- "Flop Kultura" podcasta, Euskalerria Irratia.

 

Epaimahaiaren arrazoiak

Kazetaritza Sariari dagokionez, epaimahaiak ezagutzera eman dituen arrazoiak, honakoak izan dira: "Lau kazetariei eskertu behar zaie egin duten ahalegin berezia adin, jatorri eta arlo desberdinetako puntako pentsalarien gogoetak jasotzeko sei hizketaldirekin osatutako bilduman. Alde batetik, galdera egokiei forma eman eta horiek arduratsu bideratu dituzte; eta, bestetik, bizi dugun garai honetan adimenez ekiteko erantzun mamitsuak eskaintzen dizkigute Silvia Federici, Sara Ahmed, Vandana Shiva, Rita Segato, Remedios Zafra eta Irantzu Varela pentsalariek, mundu mailan ezagunak eta eraginkorrak direnek. Ikuspegi anitzak azaltzen dira horien ahotsetan, euskaratik eta feminismoz betetzeko oraina. Euskal kazetagintzan, oraindik ere sarri salbuespen eta luxu izan arren, bada eta badugu emazteon ahotsak plaza eta zentralitatea har dezan landutako maila goreneko kazetaritza”.

“Ikusgela” lana saritua izateko, berriz, hona epaimahaiak kontuan hartu dituen arrazoiak: “Ikusgela” proiektuak hainbat gairen inguruko euskarazko bideo labur, erakargarri eta dibulgatiboak ekoitzi eta jendearen eskura jartzen ditu. Gazteei gertuko egiten zaien egungo eduki digitalen ohiko lengoaian, gaiek eskatzen duten sakontasunari uko egin gabe sortzen ditu edukiak “Ikusgela”k ikus-entzunezko formatuan. Bideoak lizentzia libreekin argitaratzen dira, euskarazko jakintza librearen sustapen eta eguneratzeari balio handiko ekarpena eginez. Hiru Damatxo ekoiztetxea lagun, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak (EWKE) bultzatutako ekimena da eta, bide batez, sari honen bidez, epaimahaiak aitortu nahi dio elkarte horri Euskal Wikipedian hainbeste urtez egindako lan eskerga, “Ikusgela”ren bideoek bertan azaltzen diren artikuluak hornitzen baitituzte askotan, EWKEren urteetako ibilbideari jarraipena emanez”.

 

Ana Galarraga, ohorezko mugarri

Epaimahaiak ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestaran zientzia dibulgatzaile oparoari eman dio. Elhuyar zientzia dibulgazioko aldizkariaren eta Uhin Ultramoreak zientzia eta teknologia ikuspuntu feministatik lantzen dituen podcastaren zuzendarikidea da, eta hainbat hedabidetan argitaratzen du: Elhuyarren zientzia.eus atarian eta Berria egunkarian esaterako, baina baita Mastodon.eus eta X/Twitter plataforma digitaletan ere.

Epaimahaiaren iritzirako, “Hiru eremu dira nabarmentzekoak, gutxienez, Ana Galarragaren ekarpenean: lehenik, desinformazioa nonahi dugun garai honetan zientzia-dibulgazioaren garrantzia mahai gainean jartzeko egiten duen ahalegin eta ekoizpen aparta; bigarrenik, iparrorratz darabilen ikuspegi feminista, asko aurreratua dugun arren oraindik ere erresistentziak -erresistentzia eraberrituak- eragiten dituen gaia ere baden garaiotan; eta, hirugarrenik, komunikazio jarduna euskaraz eta zero kilometrotik egitea, gertuko begirada hori geruza globalekin ere osatuta hainbat plataforma, formatu eta esparrutan -prentsa, hitzaldiak, podcasta, plataforma digital komertzial zein libreak, eta beste-".

 

Informazio askatasunaren aldeko aldarria

Ekitaldian barrena, Anjel Erro eta Itxaso Borda epaimahikideek informazio askatasunaren aldeko aldarria egiten duen adierazpena irakurri dute.

Hona osorik adierazpena:

“Urte hau ez da urte biziki ona izan informazio eta adierazpen eskubidearentzat.

Gazan, Libanon eta Ukrainan gerra dabil eta populazio zibilen sarraski artean hainbat eta hainbat kazetarik bizia utzi du, beren lana dela kausa. Sekula izan den urterik latzena izan da 2023-2024 hau alor horretan. Ez da bakarrik kazetaritza auzian jartzen ari dena, hartan aritzen diren gizabanakoak ere, eta haien artean salatu beharreko gertaeretatik hurbilen daudenak, arrisku handiena pairatzen dutenak.

Hauteskunde kalapitatsuek, autoritarismoen gorakadek, gerlek eta kasik denetan hedatzen ari diren krimen antolatuaren sare indartsuek, besteak beste, moldatzen dituzte kazetariak hiltzera eta desagertzera eramaten dituen giro politikoaren baldintzak.

Laguntza instituzionalak murriztuz ere mugatzen ahal da kazetarien lana eta informatzeko eskubidea. Iparraldean, demagun, elkarte-irratien aldeko diru-laguntzak 4 murriztuko ditu frantses gobernuak ekonomiak egiteko aitzakiarekin. Prentsa idatzia ere hunki dezake politika horrek.

Aurten ere salatzen ditugu adierazpen askatasuna eta herritarrak informatzeko eskubidearen kontrako erasoak, han eta hemen, eta eskubide horiek errespetatzea eskatzen dugu, egiazki informatua izatekoa, funtsezko eta oinarrizko eskubide humano bat delako”.

Honakoek osatu dute epaimahaia, aurtengo edizioan: Marta Lasa Goñi Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi ahalduna mahaiburu, eta mahaikide, Miren Berasategi Zeberio (Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria), Eneko Bidegain Aire (idazlea eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakaslea), Itxaro Borda Xarriton (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Angel Erro Jimenez (idazlea, itzultzailea eta prentsa kolaboratzailea), Pantxika Maitia (kazetaria), Libe Mimenza Castillo (UPV/EHUko irakaslea eta ikerlaria) eta, idazkari lanetan, Arantza Aguado Perugorria, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!