"EAJ-PNV prest agertu da Andoaingo Udaleko 2025eko aurrekontuak negoziatzeko"

Aiurri 2024ko aza. 29a, 07:32

EAJ-PNV prest agertu da, gainera, "epe-ertainera begira herriko inbertsio partida nagusiak adosteko eta horien finantzaketa bermatzeko"

Udal administrazioan, han eta hemen, aste biziak dira. Jokoan dagoena ez baita txikia: urte berriko aurrekontuak bideratzea. Andoaingo Gobernu taldeak (EH Bildu), iaz, jeltzaleen babesa jaso zuen eta, aurten ere, bide beretik doazela dirudi. Hori bai, beti ere, jeltzaleen proposamenak aintzat hartzen badira. Berriki, Andoaingo EAJ-PNVk oharra argitaratu du: "2024an Gobernu taldearekin akordio mardula itxi ondoren, betetze mailaren jarraipena egiten ari gara. Ekimen gehienak martxan ipini direla ikusita, EAJ-PNV prest agertu da Andoaingo Udaleko 2025eko aurrekontuak negoziatzeko". Horretarako, proposamen berriak ipini dituzte mahai gainean: Galardi haurreskolako patioan lurzorua berritzea eta estalkia egitea, Leizaur parkean komun publiko berria, kaleetako zoruen irristagarritasuna ekiditeko partida berria sortzea edota Bertxingo zentrala eguneratzeko lanak abiaraztea.

Urtez urte ez ezik, etorkizuneko egitasmoetan ere eragin nahi dute jeltzaleek: "EAJ-PNV prest agertzen da epe-ertainera begira herriko inbertsio partida nagusiak adosteko eta horien finantzaketa bermatzeko: Allurralde kiroldegiaren handitze-obrak burutzeko, Allurraldegiko instalazio zaharretan ere eguneratze lanak aurrera eramateko, Udal Liburutegi berria eraikitzeko, Illarramendi gunean Udal pabiloi berria eraikitzeko, Ondarreta kalearen irisgarritasun lanak exekutatzeko edota Leizotz auzoko ur-horniduraren bigarren faseari ekiteko".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!