Igandeko naturaren erauntsi fisikoa jada atzean utzi arren, bizitutako inpresioa oraindik ere burutik eta gorputzetik kendu ezinik. Horrela topatu genituen astelehen goizean, begien parean zuten hondamendiari begira-begira. Zinkoborda baserrian zein etxean bizi diren Mari Karmen Irasuegik eta Juan Antonio Zipitriak ez daukate ahazteko moduan igande goiz zalapartatsu hura, hegoi-mendebaldeko haize bortitzak eragindakoa.
Irasuegik aitortu zuenez, senarra, bi seme-alabak eta lauak, goizaldeko 08:00ak aldera hasi ziren igartzen bazetorrela latza: “Goizaldera jada bazebilen haizea gogor, baina 08:30etik aurrera hasi zen areagotzen, eta 09:30ak aldera, hor non eraman zituen aurretik gure etxe inguruko bost zuhaitz! Ipurditik atera zituen haize-kolpeak, ilaran atera ere! Hiru haritz eta bi intxaurrondo. Hortarako, etxe ondoko intxaurrondo bat jo genuen begiz, balantzaka baitzebilen ezker-eskuin, erori, ez erori. Hari begira erabat harrituta eta izututa geunden, eta erortzera zihoala, mugikorrarekin bideotxoa egiteko aukera eduki genuen”. Egiazki, egundoko ikusmina eragin du egunotan Irasuegik hizpide duen bideo labur bezain ikusgarri hori, eta egokia izan daiteke haizetearen dimentsioaz eta indarraz jabetzeko.
80 urtetara doan Juan Antonio Zipitriak sekula ez duela halako haize-ufadarik ikusi aitortu zigun: “Bagenekien Goiburuko alde hau haize-tokia dela, baina halako indarrarekin ez dut sentitu sekula. Nik beti ezagutu izan ditut orain etzanda diren bost zuhaitz horiek, makina bat ekaitz bizi izan dituzte zutik; beharbada berrehun bat urte egingo zituzten gaur arte”.
Irasuegik gaineratu duenez, beraientzat hondamena ez da hor bukatu. Izan ere, txabola kaltetu dute, eta, horrez gain, Zinkobordatik nahiko urrun, beherago daukaten lur sailean ere haritz gazte mordoa bota du haizeteak.
Kalteak kalte, Mari Karmen Irasuegik eta Juan Antonio Zipitriak kontsolamendu txikia hartzeko moduan egon daitezke: eskapada ederretik libratu baitira, izan ere, hego-mendebaldeko haizea izan ez balitz, beste norabidekoa alegia, beren bi etxeetara gainera etorriko zitzaien zuhaitzen bat edo beste, beharbada.
Goiburu Golfeko Kepa Etxezarretak eta Ibon Arregik ere sinetsi ezinik jarraitzen zuten astelehen goizean. Hala mintzatu zen Arregi: “25 urteko ibilbidea egin dugu hemen, eta sekula ez dugu halako hondamenarik ezagutu! Ikusita haizetearen eragin latza, goizean goiz bertan behera utzi genituen golf zelaian jokatzeko aukera eta jatetxeko zerbitzua”.
Hektarea ugari ditu Goiburu Golf klubak, eta pagoez, platanondoez eta haritzez inguratuta dago. Ehun urtetik gora dituzte hainbatek. Horiei guztiei begira jarrita, kalteen atalean aurreneko estimazio bat eginda, Etxezarretak aipatu du 30 zuhaitzetik gora izango direla haizeteak sustraitik bota dituenak. Era berean, golf etxeko teilatuaren zati bat ere kaltetuta geratu da.
Goiburu Golfaren eta Zinkobordaren artetik doan eta Karrika aldeko Ortzaika baserriraino jaisten den herri bidean ere eragin ditu kalte nabarmenak.