“Zuk eta nik, nork bestela? Babestu dezagun euskara
Euskara eta gaztelania dira Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak; beraz, herritar guztiek dute euskara eta gaztelania jakiteko eta erabiltzeko eskubidea. Botere publikoek bermatu egin behar dute eskubide horien erabilera. Baina jakin badakigu euskara egoera diglosikoan bizi dela; bizirauten, egoera askotan. Eta, alde horretatik, zaintzea, babestea, aintzatestea dagokigu.
Oinarrizko printzipio horretatik ondorioztatzen da hizkuntza-eskubideak herritarrenak direla, eta ez botere publikoenak, eta azken horiei dagokiela eskubide horiek errespetatzea eta betetzen direla bermatzea.
Tresnak, lanabesak jarri behar ditugu herritarren eskura, euskara erabil dezaten: zerbitzu publikoetan, kalean, etxean, lanean, lagunartean, euren bizitzako esparru guzti-guztietan. Euskara egoera diglosikoan bizi dela esan dugu, eta konbentzituta gaude hortik irteteko bide bakarra euskara erabiltzea dela. Horrenbestez, euskararen erabilera ohikoa, normala, eta orokorra izatea nahiko genuke.
Andoaingo Udalak adierazi nahi du erakunde publiko gisa arduraz eta konpromisoz jokatuko duela euskararen normalizazioan aurrera jarrai dezan eta gizarte osoarentzat eredu izan dadin. 2024ko maiatzean, 2027 urtera bitarteko euskararen erabilera-plana eta hizkuntza-irizpideak onartu zituen Udalak. Hala, hainbat konpromiso hartu zituen, eta Euskararen Eguna ospatzen dugunez, gogora ekarri nahiko genituzke orduan hitz emandakoak:
- Udalak pausoak emango ditu herritarrekiko harremanak gero eta gehiagotan euskaraz izateko. Horretarako, udal langileek lehen hitza beti egingo dute euskaraz, eta herritarrak Udalarekin euskaraz egitera animatzeko, “Zuk eta nik, nork bestela?” kanpaina eramango du aurrera.
- Andoaingo Udalaren Euskararen Errolda elikatzen jarraituko du, Udalarekin harremana euskara hutsean izan nahi duten herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu ahal izateko.
- Euskara zeharlerrotasunez txertatuko du Udalaren eguneroko kudeaketan eta funtzionamenduan, udal barruko ahozko nahiz idatzizko komunikazioak euskaraz izan daitezen.
- Hitzaldi, ikastaro nahiz ekitaldi publikoetan hizkuntzak kudeatzeko eta euskarari bere lekua emateko pausoak emango ditu, herritar guztien eskubideak errespeta daitezen.
- Udalak zerbitzu publikoak emateko kontratatzen dituen enpresa pribatuek ere hizkuntza-klausulak betetzen dituztela bermatuko du”.