Juan Mari Ansa, El circo de Lescun. Unas montañas de ensueño, aurkez zezan gonbidatu zuten Euskalduna MTren mendi-astean, joan den asteazkenean. Nolanahi ere, egileak, Andoaingo mendizaleak eta mendizaletasuna batzen dituen bi bizipen pertsonal kontatu zituen, eskatu zioten lanari ekin aurretik.
Idazketara bultzatu zuen Euskaldunaren 1970eko Martxa Neurtua
Gogoratu zuenez, gaztetan, 13 urte zituela, Euskalduna Mendigoizale Taldeak 1970/02/22an antolatu zuen I. Gazteen Martxa Neurtuan parte hartu zuen, beste bi lagunekin. “Berezitasun bat zeukan martxa hark, helmugara iritsi ostean, egindako txangoaren gaineko kronika idatzi beharra zegoela”. Hiru lagunek hartu zuten parte, eta berari egokitu zitzaion idatzia egitea.
“Seiko puntuazioa eman zidaten. Ez zen aparteko ezer izango, baina hori bai, lehenengo aldia izan zen mendiarekin lotutako zerbait idatzi nuela”.
Ansak gogoan dauka Luxio Aranburu eta Maria Luisa Etxeberria eta beste zenbaitek antolatu zutela mendi irteera hura. Eta erantsi zuen beti egongo dela eskertuta Euskaldunarekin, mendizaletasunaren arloan lehenbiziko idatzia egitera bultzatu ziolako.
Era horretan, entzuleen artean zegoen Maria Luisa Etxeberriari altxatzeko eskatu zion Ansak, eta biek argazkia atera gonbdatu zuen. Ez zen nolanahiko argazkia izan, gainera, izan ere, 1970eko mendi martxa hartan irabazitako kopatxoa gordeta eduki du etxean beti, eta hura eskuetan zuela atera nahi izan zuen argazkia.
Xabier Ansa eskalatzaile handia, espedizio kide
Juan Mari Ansak, era berean, 1996an Europako Pikoetan istripuz hil zen Xabier Ansa Zeberio mendizale andoaindarra hartu zuen gogoan. Harekin goi mailako zenbait mendi espedizio partekatu zituela adierazi zuen Ansak. Ansak, Peruko Andeetan 5.947 metro dituen Alpamayo mendirako igoera aipatu zuen bereziki, mendigoizale andoaindarraren kemena erakusten duen pasadizuaren eskutik. “Gauean ez nuen lo askorik egin, eta teknikoki ez nuen ikusten nire burua igotzeko moduan. Hurrengo goizean, bera gosaria prestatzen ari zela, esan nion, “Xabi, lo ez diat ondo egin, eta ez nauk kapaz ikusten horra igotzeko”. hara zer erantzun zidan: “hi, mendi bat igo behar diagun bakoitzean horrela jartzen bagaituk, ez ginateke inoiz igoko. Jantzi hadi eta goazen!”. Eta hala, isil-isilik jantzi, eta igo ginen Alpamayora”.
Bukatzeko, aipatu zuen Xabier Ansaren alaba den Maiak, EMMOA Euskal Mendizaletasunaren museoko kideokin harremanetan jarri zen orain bi aste, “dohaintzan eman dizkigu bi bota pare, hiru pare katu eta bi soka, denak berak erabilitakoak”.
Laskun zirkuaren lilura, liburura eramana
Mendizale euskaldunentzat horren ezaguna eta maitatua den Laskuneko zirkua hartu du hizpide Ansak, El circo de Lescun. Unas montañas de ensueño liburuan.
Auñamendi eta Hiru Erregeen Mahaia mendi garaien tartean, ekialderaxeago dago Laskun zirkua. Gertu geratzen dira beste hainbat mendi, hala nola, Atxerito edo Ansabereko orratzak.
Ansak, ohi duen estiloari eutsita, kalitate handiko argazkiak, mendi gailurretarako igoeren edo zeharkaldien azalpenak, eta inguruko makina bat historia bildu ditu, oso edizio zaindua eginez horrela.
Bibliografia oparoko idazlea
Mendi gaietan aditua den idazle gisa, hainbat liburu idatzi izan ditu Ansak. Besteak beste:
- Gipuzkoako mendiak Montes de Gipuzkoa. Antxon Bandres eta biek. 2002. Kutxako Gaztetxoen Elkartea.
- Itinerarios de montaña entre Urola y el Bidasoa. Lehen alea. 1991.
- Adarra-Uzturre. Itinerarios de montaña entre el Urola y el Bidasoa. II . alea. 2000. Sendoa.
- Las Malloas de Aralar. Itinerarios, historias y leyendas. 2011.
- El circo de Lescun. Unas montañas de ensueño. 2024.