Marta Lasa kultura zinegotziak hartu zuen hitza, eta erakusketa EHUko Mikel Laboa Katedrak eskuartean dituen proiektuen artean kokatu behar dela jakinarazi ostean, bertan parte hartze zuzena izan duten Miren Koro Campos komisarioa eta Joseba Larratxe komikilariak aurkeztu zituen.
Ni ez naiz Mikel Laboa komikia du oinarri erakusketak, esan bezala. Hiru artista bildu ziren egitasmo horretarako: Harkaitz Cano eta Unai Iturriaga gidoilariak, eta Joseba Larratxe ilustratzailea.
Basterora hurbildu zen Larratxek aitortu zuenez, bi arrazoengatik dago pozik komikiaren egitasmoan parte-hartu ahal izan duelako. Arrazoi oso pertsonala, lehenbiziko eta behin, Laboak txikitatik utzi izan baitio arrasto sakona. “Konstante bat izan da bere figura niretzat, eta Laboa zalea naiz. Jada, hurtzaroan, gurasoek autoan bere musika jartzen zuten, eta 18 urte-edo nituenean entzuten nituen rock taldek beren bertsioekin Laboa berriz deskubritzeko aukera eman zidaten. Beraz, esan dezaket Laboa bidelagun izan dudala nire bizitzako zati handi batean”.
Unai Iturriaga eta Harkaitz Canorekin elkarlanean jardun ahal izatea, bizitzan egin dioten oparirik gozoenetakoa izan zela gehitu zuen. “Hirurok ere, hain maitatua den Laboaren figurari justizia egiten saiatu ginen biziki. Ohiko biografia izan beharrean, bere unibertso musikala islatu nahi izan genuen komikian. Horretarako, artefaktu onirikoa, fantasiosoa, esperimentala sortzea erabaki genuen, umore ukitua ahaztu gabe”.
Komikiaren ondoren heldu den erakusketak haren espirituari segida ematen diola baieztatu zuen Larratxek.
Laboaren unibertso anitzen bilduma
Miren Koro Campos eta Mauro Peñalba dira erakusketako komisarioak, esan bezala. Lehenak eman zituen azalpenak Basteron. “Laboaren unibertso ugari jasotzen eta islatzen saiatu gara. Tartean, mediku neurosikiatraren arloa, esperimentazio saiakerak ahotsarekin eta instruementuaik gabe, 1937ko bonbardaketa faxistek eragindako trauma eta horrek inspiratutako sinbolismoa, Lekeitioak, hizkuntzekin eta bere soinuekin jolasteko joera (komunikazioa-inkomunikazioa)…".
Aldi berean, erakusketan ikusleak bitxikeria ugari topatuko dituela ziurtatu zuen Camposek. Hala nola, bihotzean eduki zuen gaitza (oso handia edukitzea), Txoria txori abestiaren letra idazteko erabili zuten mahai-zapia...
Camposek azpimarratu zuenez, Mikel Laboa… izan liteke konstelazio, izan gabe izar… erakusketa Laboari egiten zaio omenalditzat hartu behar dela, baina gorazarre hori Marisol Bastida bere emazteari ere luzatu behar zaiola, “beti ondoan eduki zuen emakume horri”.