Euskara ardatz duen jaialdia, ostegun honetan Bastero Kulturgunean

Aiurri 2024ko abe. 3a, 08:32

Larramendi Bazkuneko hainbat kide, Espigoian edo Kaimuturrean.

Ostegun honetan, abenduak 5, euskaltzaleen jaialdia iragarri du Manuel Larramendi Kultur Bazkunak. Irailean abiatu zuen ekimena neguraino iritsi da, xede argiarekin: euskaltzaleen bilgune izango den egoitza berria eskuratzea.

Abenduaren 5ean, ostegun honetan, iraganaz eta orainaz mintzatuko zaizkigu oholtza gainetik.

Jaialdia izango da, berezia, iluntzeko 19:30ean hasiko dena. Sarrerak 10 euroko prezioan salgai daude Elizondo tabernan eta Delgado liburu-dendan.

Egunean bertan, aurretik agortzen ez badira, Bastero Kulturguneko leihatilan eskuragarri izango dira. 

Sasoiko artistak, batetik

Olagain Andoaingo Udal Txistulari Elkartea, Urki dantza taldea, Alberto Agirre abesbatza, Maizorri txalaparta taldea, Eneritz Jauregi eta Ane Amutxastegi trikitilariak, Iratxo taldea, Mujika-Tolaretxipi familia eta gehiago igoko dira oholtzara.

Euskalduntasunari tinko eutsi zioten artistak, bestetik

Oholtza gainean ibilbide oparoko artistak ariko dira, andoaindarrentzat aski ezagunak direnak: Lizar Makil dantza taldea, Iñaki Eizmendi kantaria, Ramon Beraza abeslaria eta Begoña Tolaretxipi musika-irakaslea.

Herritarren agerpena

Ortzimugan helburu zehatza ageri da, herritarren eskutik irudikatuko dena: garai berrietara egokituko den egoitza. Gaur doinu berriak ditu euskarak, doinu berriak euskal kulturak, eta hori guztia erdigunera ekarri nahi dute. Basteron ozen iragarriko da, honakoa: "Euskararen eta euskal kulturaren bihotz eta hauspo izango den egoitza eskuratu nahi dugu: Elkargunea, kulturgunea, erakusleihoa, aisialdirako gunea, solas egitekoa, sortzekoa, amestekoa... Egigun denon artean!".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!