HEMEROTEKA | 2014KO NEGUA
Mari Kruz eta Ines Lekuona ahizpak liburu artean ezagutu dituzte andoaindar gehienek. Saltzaileak izateaz gain, beti izan dira solaskide gozoak, harrera ona eginez liburu-dendara sartu den edonori.
Abaltzizketan jaio ziren biak; 1932an Ines, bi urte geroago Mari Kruz. Aita (Antonio) bertakoa zuten; ama (Josefa Antonia), berriz, andoaindarra; Goiburu auzoko Oxtape baserriko alaba hain zuzen. Inesek dioenez “Aitak Tolosako Udalaren zentralean egin zuen lan, eta amak taberna zeukan Abaltzizketan bertan”.
Haurtzaro eta gaztaroa bertan egin bazuten ere, maiz egoten ziren Oxtapen. “Baserrian ez zegoen umerik, eta oso ondo hartzen gintuzten”. Batez ere astegunetan etortzen ziren Andoainera, Donostiarako bidea hartzen zuen esnezalearekin batera.
Azkenean, Andoainen jarri ziren bizitzen biak. Mari Kruz, Pako Plazaolarekin ezkondu zen. Oso gaztetan geratu zen alargun, hala ere. “Kamiolaria zen, jatorra, saiatua lanean. Istripua izan zuen, ez zen erabat sendatu eta handik urte batzuetara hil zen; Garikoitz semeak bost urte zituen orduan”.
Gizonaren ideia izan zen Ernaitza liburu-denda irekitzea, 1976an: “Berak susmatzen zuen gazte hilko zela, eta beti edukitzen zuen kezka gure etorkizunarekin. Bi ahizpen artean aterako duzue aurrera liburu-denda, adierazten zuen”. Ernaitza izenak, badu bere zergatia, Inesek adierazi duen bezala: “Abaltzizketatik Nafarrorantz, Enirio bidean zegoen azken Bentaren izena zen Ernaitza; gure aitaren arreba bat bertan bizi zen”.
Liburu-dendan, makina bat ordu
1976az geroztik jende mordoa ezagutu izana da lanbidea eramangarri egiten duen arrazoietako bat, Mari Kruzen iritziz: “Gurasoak, eta horien seme-alabak pasatzen dira gure dendatik; bilobek ere laster ikasten dute gurerako bidea. Zenbat zahartu garen pentsa arazten dizu horrek batetik, baina bestetik, pozgarria dela iruditzen zaizu, bezero fidelak izan ditugula beti esan nahi baitu horrek”. “Eskerrak jende ona topatu izan dugun beti, horri esker egin dugu aurrera!”, gaineratu du Inesek ondotik.
Liburu-denda jendearen topaleku izaten dela ere ez da ahaztu behar: “Kontuak aditzen ditugu eta kontuak esaten”, dio Inesek. “Konfesionarioa bihurtzen da maiz”, gaineratu du Mari Kruzek.
Unerik txarrenak zein izan diren galdetuta, bi egoera aipatu dituzte batez ere: uholdeez gain, lapurretak. “Ikusi izan dugu bakarren bat aldizkari bat larruzko txamarrean sartzen, edo iheska ateratzea dendatik: horiei aurre egitea, oso gogorra egin zaigu. Nik behin, horrelako trantzea eduki eta komunera joan behar izan nuen negar egitera”.
Aspaldi jubilatu ziren biak, baina dendatik erretiratu gabe segitzen dute, Garikoitzi ordu bakar batzuetan laguntzeko lain, “oso gauza ona da zerbaitetara dedikatzea, burua lanean edukitzea. Etxean sartuta panpin baten moduan egongo ginateke”.
Hainbat aitortza, bizirik zela
2014an Martxoak 8, emakume kalejira
Urte hartan omendu zituzten bi ahizpak eta artikuluko argazkia garai hartakoa da.
2015eko Santakrutzak
Kale Nagusiko eta Zumea kaleko merkatariak omendu zituzten urte hartako Santa Krutz jaietan. Eurek zabaldu zuten jaien hasierako pregoia.
2016ko Joxe Mari Olazabal Bidea saria