"Andoainen bizi garen guztiok osatzen dugu gure komunitatea". Abiapuntu hori hartuta, Andoaingo Udalak Andoainera iritsi berriei harrera egin nahi die. Igande honetan izango da, arratsaldeko 17:00tan hasita. Udal gobernuak oharra argitara eman du, ekitaldia iragarriz eta asmoa adieraziz: "Aurrez aurre ezagutu nahi ditugu, gure egunerokotasunaren eta ohituren berri eman nahi diegu, eta esan nahi diegu hau ere haien etxea dela".
Pertsona horiek gonbidapen-gutun bana jasoko dute etxean. Gutun horretan Andoaingo Oinarrizko Baliabideen Gida jaso dute, audio formatuan. Baita Andoaingo familientzako baliabideen gida ere, PDF formatuan eskegitzeko moduan.
Denok gara andoaindarrak
Gobernu taldearentzat, "garrantzitsua da harremanak ereitea, indartzea eta iraunaraztea, komunitatea eta bizikidetza sendotzeko. Denok gara andoaindarrak, guztiok eraikitzen dugu herria egunez egun, eta guztiok gara eskubide guztien jabe. Aniztasunaren definiziorik zintzoena aberastasuna dela uste dugu.