Igande arratsaldean egin zuten akuarelak jartzeko ekitaldia Urkiola tabernan. Artelanekin batera, giltzatakoak eta Keinu euskal jantzien dendak egindako poltsak jarri zituzten salgai, eta baita laguntza-kutxa ere, nahi duenak ekarpena egiteko. Guztia, urtarrilaren 15a bitarte egongo da erakusgai eta salgai.
Tolosan bizi eta bertan marrazketa klaseak ematen dituen Naiara Delgado artista andoaindarrak bultzatu du ekimena, Nahia eta bere nahia izenburua daramana. “Saioa Arancon, Nahiaren ama, eta biok egun berean jaio ginen, eta esango nuke orduz geroztik garela lagun minak. Jakitun naiz Patino Arancon familiarentzat zenbateko kostua daukan Nahiaren terapiak, eta neure buruari maiz galdetu izan diot, zer modutara eman diezaiekedan laguntzatxoa. Bada, galdera horri erantzuteko orduan, nire artean pentsatu nuen, zergatik ez kuadroak salgai jarri, margotzen aritzen naiz-eta?”.
Ezinbestekoak diren kolaboratzaile ugari dituen ekimena dela azpimarratu nahi izan du Delgadok. “Tolosako Arri Studioko Arritxu Zugarramurdi kartelaz, maketazioaz eta gainerako digitalizazio lanez… arduratu da, Ibon Barandiaranek akuarelentzat markoak eta itsulapikoa egin ditu, Nahiaren aitak eta aitonak giltzatakoak egin dituzte, Keinu euskal jantzien dendak poltsak logoarekin diseinatu ditu…”.
Ekimena Andoainen gauzatu aurretik, Tolosan 3 tabernan egon da zenbait astetan. “Espero ez genuen arrakasta eduki du erakusketak. Jende mordoa hurbildu zen ikustera, eta 18 akuarela saldu ditugu!”.
13 akuarela, erakusgai eta salgai
2018ko urtarrilean Basteroko erakusgelan egin zuen erakusketan adierazi zuenez, barruan mugitzen zaizkion emozio eta sentimenduek gidatzen diotela sormen prozesuari ekitekoan adierazi zuen Delgadok. Orduan zehaztu zuenez, “surrealista izan ohi da nire estiloa; naif edo nahi duzun bezala definitu, Basteron ikusi ahal izan zen bezala”.
Oraingoan, ordea, estiloa zeharo aldatu, eta akuareletara jo du Delgadok. Horietan, hirigunetan eta naturan ikusi daitezkeen paisajeak hartu ditu gaitzat. “Akuarelaren teknikan sakontzeko, ikastaro batean murgildu nintzen orain gutxi, eta egia esan, hortik jo dit sormenak azken aldian. Goizean goiz jaiki, eta eguneroko zereginei ekin aurretik, mordoa egin dut. Horietako asko eraman nituen Tolosako tabernara, eta berdin jokatu dut Andoainen ere”.
45 euroko salneurria daukate akuarelek, “ez dira garesti jarri nahi izan; orekatua da salneurria, eta gainera, jakinda arrazoi edo kausa ezin ongileagoa dagoela tartean. Andoaingo herritarrek erakusketari harrera ona egitea espero dugu”.
Delgadok argi dauka ekimenak bi helburu dituela, sortzaile batentzat bere artelanak erakusteak eduki ohi duen bizipen pertsonalaren gainetik. “Patino Arancon familiari laguntzea da helburu nagusia, eta horrekin lotuta, ikustaraztea Nahiak bizi duen egoera pertsonala. Fazeta artistikoa alde batera utzi beharra dago horrelako kasuetan”.
Familia, hunkituta eta eskertuta
Jesus Patino eta Saioa Arancon dira Nahiaren gurasoak, eta benetan eskertuta daude, “hunkituta” beren hitzetan, Nahiaren aldeko ekimena bultzatu izanagatik, eta jendearen aldetik jasotzen ari diren babesagatik.
Aranconek Nahiak jasaten duen gaixotasunaren xehetasunak azaldu dizkigu: “Nahia 2013ko martxoaren 7an jaio zen, artrogriposis deituriko artikulazioei eragiten dien gaitz arraro batekin, eta larrien, aldakei eta belaunei eragiten die".
Gaixotasun arraro horrez gain, Nahiak erditze-unean sufrimendu fetala jasan zuen, eta ondorioz, desgaitasun fisiko eta psikikoak ditu.
Nahiak ahalik eta autonomia handiena izan dezan da bilatzen ari direna jaio zenetik, eta terapia ugaritan murgilduta dabil horregatik. Horrela, urtero, hilabete batez, Madrilgo zentro espezializatu batean egonaldia egiten du Nahiak, gurasoekin batera. Era guztietako terapiak aplikatzen dizkiote Nahiari, bertan. Ebakuntza bat baino gehiago ere egin dizkiote, eta horiei esker, egun, eskuko hatzak irekitzen ditu, aulki batean eseri ahal izatea lortu du orain gutxi, eta bestalde, ortopedek diseinatu dioten mekanismoaren laguntzaz, zutik mantendu liteke pittin bat. Komunikatzeko orduan, Nahiak soinuak egiten ditu eta begiak mugitzen ditu. Baina arlo hori hobetzeko asmoz, tableta baten laguntzaz eta kausa-efektuzko jolasekin eta ikonoekin lanketa egiten ari dira azken aldian.
Estatuko Agiri Ofizialak identifikatzen dituen gaixotasun arraroen zerrendak oraingoz ez du izendatu Nahiak pairatzen duen artrogriposisa. Hori dela eta, Patino Arancon familiak ezin du jaso beste hainbat gaixotasun arraro dutenen adina laguntza publikorik. Oso garestiak dira Nahiari aplikatzen zaizkion bateko zein besteko tratamenduak, ahalegin ekonomiko itzela dakarkio horrek familiari, baina nabaritzen ari direnez Nahiaren bizi-kalitatea hobetzen laguntzen diotela, horri eusten diote.
Herriko haurrekin sozializatuta
Nahia ASPACEn eskolaratuta dago; hain zuzen, Berrozpe ikastetxean kokatzen den “Ontza” gela egonkorreko bateko ikaslea da. Profesional talde baten esku egoten dira gela horretako ikasleak. Ikasle bakoitzaren curriculum-egokitzapena garatzea eta eskola-komunitatearen beraren jarduera eta proiektuetan parte hartzea da gela horren helburua.
Saioa Aranconek adierazi duenez, “Nahia pozik joaten da gela horretara, besteak beste, Berrozpeko beste ikasleekin sozializatzeko aukera ematen diolako, eta horiekin eskolaz kanpoko jaietan-eta parte hartu ahal izaten duelako. Berrozpeko ikasleentzat ere aberasgarria da Nahia moduko pertsona bat ezagutzea eta berarekin partekatzea hainbat aldarte alai”.