Andoaingo Udal egutegiko argazkiak, egileen deskribapenarekin

Xabier Lasa 2024ko abe. 20a, 07:00

Aste honetan Salkin elkarteak Agustin Leitza kalean duen egoitzan banatzen ari dira Andoaingo Udalak hamabi argazkilariekin osaturiko egutegia. Aurtengo gaia merkataritza izan da.

Astelehenean egin zuten Udal egutegiaren argazki lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia, Udal Artxiboaren egoitzan. Saridun gehienen iritzia jaso du Aiurrik.

Urtarrila: “Betiko kioskoa”. Unai Peñalvo Arregi.

“Nire amonak (Carmina Dominguez) parkeko kioskoa itxi egin zuen orain hilabete batzuk, jubilatu eta gero. Bere azken lan egunean argazkiak ateratzen aritu nintzen, eta horietako batzuekin, muntaia txikia egin dut. Bere ohiko salgaiak, ogia eta egunkaria, bere eskuetan agertzen dira, bezeroari eskura ematen. Amonari egin nahi izan diodan omenalditxoa da, azken batean”.

Otsaila: “Delicatessen”. Miguel Cavero Carazo.

“Kale Nagusitik oinez nindoala, arreta piztu zidan harategi batek, kanpotik ikusita. Bi detailek, hain zuzen: erakusleihoan, itxura batean kalitate oneko produktu ziruditenek batetik, eta, bestetik, barruko espazioa zeinen txukun ordenatuta zeukan. Komertzioak, bere osotasunean, kolore aniztasuna, bizitasuna, gustu ona... transmititzen zuen”.

Martxoa: “Fruta eskura”. Jose Miguel Romero Barco.

“Herriko fruta-denda batean, bere erakustokian dauzkan makina bat produkturen artetik, bi mandarina hartzen topa daiteke urteetan aurrera doan emakume baten eskua. Une hori erretratatu nahi izan nuen, eskura-eskura daukazun komertzio hori sinbolizatzeko eta goraipatzeko asmoz”.

Apirila: “Kale Nagusian euria”. Imanol Fernandez Carballo.

“Kale Nagusian kokatzen den Betilore loradendaren harrera koloretsua, egun euritsu eta goibela, herriko komertzioen bezeroak izan daitezkeen herritarrak oinez... Gutxienik, hiru elementu horiek nahi nituen islatu argazki batean. Egunero, denetariko argazkiak ateratzen ditut han-hemen, baina argazki hori iruditzen zitzaidan egokiena argazki-lehiaketarako”.

Maiatza: “Ohitura zaharrei tinko eutsi”. Nahia Rodiño Lopez.

“Zumea plazan bizi naiz gurasoekin, eta gertu-gertu daukagu Nerea Sarasolaren arraindegia. Facebooken saltseatzen ari nintzela jakin ahal izan nuen bere amak ere eduki zuela arraindegia kale horretan, eta noizbait sariren bat irabazi zuela.

Egia esan, ez nekien hainbesteko historia zeukanik arraindegi horrek! Polita iruditu zitzaidan atzean daukan ibilbide luze hori irudi baten bidez adieraztea”.

Uztaila: “Guraizeen azken dantza”. Ane Jalon Zatarain.

“Gaia zen zein jakin bezain laster, argi eduki nuen Kikeren (Gurrutxaga) bizartegiarekin egindako argazkia aurkeztu behar nuela. Toki magikoa baita lekua; pena, laster itxi beharrean izango delako, Etxeberrieta auzoko proiektu urbanistikoa dela eta. Keinutxoa egin nahi nien Kikeri eta bere leku kuttun horri, eta, nire aita bere betiko bezeroa denez, hara joan zen momentu hura probestu nuen. Kike bere ofizioan murgilduta agertzen da argazkian; ea zer dioten egutegia eskuetan hartzen duten herritarrek!”.

Abuztua: “Churreria Mendoza”. Fernando Anza Rey.

“Donostiarra naiz eta tamalez ez nuen ezagutu Mendoza txurreria. Baina Kaleberritik doan edonorentzat deigarria egiten dela uste dut: nolakoa zen erakusten duen argazki zaharra, kokapena, ondoko tunela, gaineko trenbidea... Jada ikusten ez diren negozio zahar bezain xarmagarri horietako bat islatu nahi nuen, eta zer egokiagoa txurreria baino? Egun, merkatalguneak gero eta uniformeagoak diseinatzen dituzte, eta joera horretatik kanpo geratzen direnak aldarrikatu nahi izan ditut”. 

Iraila: “Tiempo”. Hilario Rodeiro Cabanas.

Denboraren iraganak komertzioetan daukan eragina islatu nahi izan dut. Herriko oinetako-konpontzailearen eskua ageri da argazkian, urteen joanak, ofizioa... islatzen dira bere eskuaren zalean. Goiz bat igaro nuen artisau horrekin bere dendan, solasean, egundoko bizipena izan zen niretzat. Eta, bien bitartean, argazki mordoa atera nizkion. Nork daki, baliteke bera izatea herrian ezagutu dugun azken artisaua, zoritxarrez”.

Urria: “Gau Beltza”. Julian Guerrero Viejo.

“Gure gertuko komertzioak herriko kulturaren eta tradizioen sustatzaile ere badirela adierazi nahi nuen, eta, horretarako, erakusleihoa bikain zaintzen duen Keinu euskal jantzien dendara jo nuen argazkiak ateratzera. Gau Beltzaren festarekin lotzen zen erakusleihoa zeukaten apainduta, primeran, hortaz! Mozorrotutako pertsonaje bati eman nion protagonismoa, kontrapikatuan, eta propio zuri-beltzean, arimen gauarekin bat egin nahirik”.

Abendua: “Contando ovejas”. Amparo Alonso Villares.

“Andoainen erakusleiho asko topa daitezke ederrak, ikusgarriak. Baina, igual, Zumea Kaleko Maindi Optika hautatuko nuke bereziki, Gabon girokoa, batik bat. Iazko abenduan, iragarri zutenean “Andoaingo komertzioak” izango zela 2025eko egutegiaren gaia, bi aldiz pentsatu gabe joan nintzen bertara. Inprobisazio-puntu eduki nuen argazkiarekin, ze hasieran itzalak erakusleihoan islatu nahi izan nituen. Mugikorrarekin ez da lan erraza, eta atera eta atera ari nintzela, hor jarri zen ume bat, kieto-kieto. Paretik kendu ez eta, azkenean, berari atera nion. Badirudi, barruko ardiak kontatzen ari dela, eta hortik datorkio izenburua argazkiari”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!