Andoaingo Udala ordezkatuz, Andoni Alvarez alkatea eta Haize Barandiaran Ongizate zinegotzia, Aritz Alkain eta Belen Gonzalez (PSE-EE) eta Txitxu Ruiz (EAJ-PNV) izan ziren ekitaldian.
Alvarez alkateak azpimarratu zuen garrantzitsua dela “harremanak ereitea, indartzea eta iraunaraztea, komunitatea eta bizikidetza sendotzeko. Denok gara andoaindarrak, guztiok eraikitzen dugu gure herria egunez egun, eta guztiok gara eskubide guztien jabe. Aniztasunaren definiziorik zintzoena aberastasuna dela uste dugu”.
"Ezagutu ditudan andoaindarrek oso inpresio ona eragin didate" Nanette Cabaron Cabarga filipinarra Andoainera aurten heldu den pertsona horietako bat da.
Iban Rodriguez andoaindarra eta biek Istanbulen ezagutu zuten elkar. Hantxe maitemindu eta Cabaronek Andoainera etortzea erabaki zuen. Hain zuzen, urrian heldu zen, eta ezkondu ere agudo egin ziren. Cabaronek igandean aitortu zuen oso denbora gutxi daramala Andoainen, bertakoa sentitzeko. Nolanahi ere, gaineratu zuenez, “oraingoz, ezagutu ditudan andoaindarrek oso inpresio ona eragin didate, irekiak dira. Ingurua ere oso polita da, eta Iban oso gida-turistiko bikaina da, leku ikusgarrietara eraman bainau. Paradisu batera iritsi naizela iruditzen zait”.
Ezkonberriek turismoaz gozatzeko tartea eduki duten arren, aldi berean, aitortu zuten denbora gehiago eskaini behar izan dietela tramite burokratikoei, Nannetteren egoera legeztatzeko asmoz.
"Haurrak txukun ari dira egokitzen herrira"
Joana Alvarez hondurastarra Elena (13 urte) eta Bastian (10) Rivas bere seme-alabekin agertu zen udaletxeko harrera-ekitaldira.
Alvarez, jaioterria utzi eta Donostiara bakarrik heldu zen lehenbizi, eta orain bi urte Andoainen hartu zuen bizitoki. Orain zazpi hilabete, berriz, bi seme alabak gerturatu zitzaizkion.
Honela mintzatu zen Joana Alvarez, harrera-ekitaldian: “Herri abegitsua da Andoain, ez daukat kexatzekorik. Bi seme alabak maiatzean etorri zitzaizkidan, eta irailean ekin zioten ikasturteari; txukun ari dira egokitzen herrira eta ikaskideekin, gogo onez joaten dira eskolara egunero. Oso denbora eskasa da euskara ikasteko, kostatzen ari zaie, baina jada hitz batzuk ikasi dituzte eta ulertzen ere hasi dira pixka bat”.
232 pertsona, andoaindar berri
Andoaingo 2024ko erroldatze daten arabera, 232 pertsonek eman dute izena herrian. Hona zein jatorrikoak diren guzti horiek: Aljeria (9), Bielorrusia (1), Txina (4), Kolonbia (30), Boli Kosta (3), Kosta Rica (1), Kuba (3), Ekuador (1), El Salvador (2), Estatu Batuak (1), Filipinak (1), Honduras (24), India (1), Italia (3), Mali (1), Maroko (60), Mexiko (1), Nikaragua (24), Nigeria (6), Pakistan (1), Peru (6), Portugal (7), Dominikar Errepublika (1), Errumania (10), Senegal (7), Siria (2), Tunez (1), Ukraina (5), eta, Venezuela (16).