Zenbat urte egin ditu zure negozioak Goikoplazan?
Hogeita hamar urte. Lau urte aurreko dendan, eta gainerakoak hemen Goikoplazan. Oso gustura egon naiz bietan.
Zer nolako esperientzia eramango duzu zurekin?
Ona izan da, amaierakoa ezberdina da, ezinbestean. Baina, oro har, esperientzia ona da.
Denda ixtear zaude, zer nolako sentsazioa duzu?
Txarra. Hogeita hamar urtez bertan lanean izan eta gero gogorra egiten ari zait. Gainera, lanean jarraitu beharko dut eta bilaketan ari naiz. Nik nire lana gogoko nuen.
Aurrera jarraitu nahi zenuen?
Bai, noski! Baina ezinezkoa da, zeren eta negozioa ez da garai batekoa. Kontsumo-ohiturak aldatzen ari dira. Jende gehienak, eta, bereziki, gazteek, nire esperientziagatik, Internet darabilte kontsumorako eta hori guretzat erraldoi baten aurka aritzearen parekoa da. Lehiatzea ezinezkoa zaigu dendari txikioi. Borroka galdua da hori.
Zeintzuk dira oroitzapen onenak?
Hasierako garai haiek, Andoainen apustu egin nuelako. Nire herria da eta Andoain haztea nahi nuen. Gogoan dut jendeak esaten zidala dendarik ez irekitzeko herrian, oso udalerri zaila zela Andoain. Hogeita hamar urte eta gero ikuspegia aldatu egin da baina uste dut bere garaian hartu nuen erabakiarekin apustu hori irabazi nuela.
Lagunak egin dituzu lanbideari esker?
Bai, lagun asko egin dut. Oso gustura egon naiz bezeroekin.
Zein zailtasun ditu, egu,n tokiko merkataritzak?
Internet da gure lehiakidea eta tokiko merkataritza horren ondorioz gaizki dago. Gazte jendeari bost axola tokiko merkataritza, internet bidezkoa gogoko dute. Haiekin lehiatzea ezinezkoa da. Interneten eragina, halere, merkataritzaz harago nozituko dugu.
Azken egunotan zer diote dendara hurbildu zaizkizun bezeroek?
Hartutako erabakiarekin pena handia hartu dute. Ez zuten espero, ezustekoa izan da hainbatentzat. Baina ulerkorrak dira behin egoera zein den azaltzen diedanean. Oro har, denok dugu sentsazio beretsua. Guztiak ari gara jabetzen bizimodua aldatzen ari dela eta, bidean, negozio txiki asko eroriko dira.
Pena handia hartzen dut merkataritzaren galera udalerriarentzat ere galera handia delako. Lotarako gune bilakatuko gara eta hiriburuetara bideratuko da aurrez aurreko salerosketa. Etsigarria da sektorearen errealitatea: Leitzaran markoak itxi zen, Lasarte-Oriako denda ere itxi da eta Tolosakoa hiru urteren buruan itxiko da. Gure hornitzaileak ere ixten ari dira, pixkanaka. Margolan bat marko batean sartu nahi duenak Donostiara joatea beste erremediorik ez du izango.
Eta, 2025ean, zer?
Lan berria topatu behar dut eta osasunez ondo jarraitu.
Zein mezu eman nahiko zenieke andoaindarrei?
Herriaren alde egitea bezalakorik ez dago. Borroka galduen aurrean borrokari eusten jarraitu behar dugu. Andoainen alde gehiago egin dezatela eskatuko nieke.