Lehen galdera saihestezina da. Zer egiten du galiziar batek Andoainen?
Donostiara etorri nintzen, musika ikasketak egitera. Donostian etxebizitza aurkitzea, ordea, ia ezinezkoa zen eta ia berehala etorri nintzen Andoainera, emaztearekin batera. Oso toki atsegina da bizitzeko, erosoa. Galiziako nire herriaren tankera pixka bat du. Musikan murgilduta bizi naiz eta, mundu horrek asko mugitu beharra ekartzen du. Alde horretatik, askoz ere erosoagoa da Euskal Herrian bizitzea, Galizian bizitzea baino. Gainera, hemen lortu dut musikari gisa heltzea. Dena den, herrimin handia dut. Eta urteekin handitzen ari zaidan sentipena dela uste dut. Hogei urte inguru nituen etorri nintzenean, eta momentu hartan indar handia zuen aldaketaren zirrarak. Orain, gauza askoren hutsa sentitzen dut. Garbi dut, hala ere, bide honek guztiak eraman nauela naizena izatera eta sortzen dudana sortzera.
Aurreko udan Galician Tunes webgunean asteko artista izendatu zituzten. Zer sentitu zenuen sorterriko aipamena jasota?
Nire proposamena aurkeztu nien eta aukeratu egin ninduten. Bultzada polita emateko balio dute horrelako aipamenek eta nire kasuan ere halaxe izan zen. Galizian ikusgarritasuna eman zidan eta oso polita izan zen. Jaialdietako antolatzaileek asko begiratzen dute prentsan duzun islada. Gurea bezalako musika estiloak,ordea, ez du toki asko hartzen prentsan eta gisa honetako aipamenek asko laguntzen dute.
Jazz musikan murgilduta zabiltza...
Bai, gehienbat. Musika klasikoarekin hasi nintzen, baina denetarik egiten joan nintzen nire ibilbidean. Folk, punk... Donostiara etorri nintzenean, ordea, banekien jazzera bideratu nahi nuela nire ibilbidea. Asko gustatzen zait ezagutzen ez ditudan munduak ikertzea eta jazzak hori eskaini zidan.
Gauza gehiago ere egiten dut. Konposatzaile gisa, dantza garaikiderako musika ere egiten dut, musika esperimentala... Interprete gisa berriz, bateria jotzen dut estilo ezberdinetako hainbat talderekin: folk, pop, rock...
Musikaria naiz eta autonomoa. Ez da erraza, baina ezin naiz batere kexatu. Pribilegioa da nire musikatik bizi ahal izatea. Zorte handia dut.
2024an ‘Pausa’ diskoa argitaratu zenuen. Denboraren inguruko hausnarketa egiten duzu bertan. Kontaiguzu...
Aldaketen inguruko hausnarketa dela esango nuke gehiago. Denboraren lerroan aurrera, gertaera bat dago eta, geldialdia gertatzen da. Egunero gertatzen zaigu hau eta ez gara konturatzen, gelditzen garen arte. Konposatzean, bidegurutze horiek nituen gogoan. Musika instrumentala da, abstraktoagoa, baina hori guztia sartu nahi izan dut. Batzuetan, nondik natorren eta gertaera zehatz horrek nora eraman nauen islatu nahi izan dut, beste batzuetan gertaeraren momentu konkretu hori izan da pieza sortzeko ardatz.
Jazz musika da diskaren oinarria, baina ez diot beldurrik inprobisazioari. Puristek ez dute nire diska jazzean sartzen.
Gipuzkoan oraindik ez dugu diskaren aurkezpen ekitaldirik egin, baina aurten egiteko asmoa dugu. Urte berrirako ekitaldi ezberdinak lotzen ari gara eta epe laburrean jakinaraztea espero dut.
Nolakoa da zure sormen prozesua?
Lanerako modu zehatza dut. Asko sartzen naiz melodietan. Sortzen ari naizenean, nire buruari egoera animiko konkretua sortzen saiatzen naiz. Emozioak mugiarazten ez dizkidan materiala alde batera uzten dut; nigarra eragiteraino hunkitu nauten piezak bakarrik sartu ditut diskan. Oso prozesu intentsoa izan zen. Urtebete inguru behar izan nuen diskoa bukatutzat emateko. Alde batera utzitako material hori gorde egiten dut eta, denbora tarte bat pasata, berriz hartzea gustatzen zait.
Sortze prozesua kondentsatzea gustatzen zait eta murgildu egiten naiz, obsesio bihurtzeraino ia. Tarteka moztu egiten dut, ez delako osasungarria.
Musika tradizionaleko gauzatxoak hartzen ditut sortzen ari naizenean; bai Euskal Herrikoak baita Galiziakoak ere. Mauriziak, esaterako, zur eta lur utzi ninduen. Musika horren atzean dagoen ukitu mistikoak interes berezia sortzen dit.
Dantza garaikideko piezen musika sortzen duzula aipatu duzu. Kontaiguzu...
Orain jazz boskotean zentratuta nago. Dantzarako azken pieza azaroan estreinatu nuen eta argiaren ingurukoa izan zen. Dantzaren kasuan, enkarguz aritzen naiz eta normalean dantzariaren edo koreografoaren ideia dut oinarri. Nire sormena eta beste pertsonarena batzen dira horrelakoetan. Beste pertsonak zer behar duen ulertzea eskatzen du horrek, eta zailagoa da. Filtro gehiago jartzen dizkiozu zure buruari; aldi berean, exigentzia maila handiagoarekin egiten duzu lan.
Besteentzako lan egiteak, gainerakoen sormen prozesuak ikustea ahalbidetu dit. Jendea oso zorrotza da bere buruarekin eta horrek nahigabea ematen dit. Ahal dudan lanik onena egiten saiatzen naiz ni beti, baina ondoren ez naiz kritikoegia; egindakoarekin gozatzen saiatzen naiz. Aspaldi egindako musika entzuteak ez dit minik egiten, hare gehiago, lasaitu egiten nauela esango nuke. Eskaera berri bat etortzen zaidan aldiro, beldurra sentitzen dut, zalantzan jartzen dut lan hori egiteko gai izango ote naizen edo ez. Neronek egindako lanak entzuteak lasaiatu egiten nau, sortzeko gaitasuna badudala ziurtatzen didalako.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Puntu onean nagoela esango nuke. 2025erako proiektu ezberdinak ditut estatu mailan. Nirekin dabiltzan musikariak plazara eraman nahi ditut eta dagoeneko ari gara saioak lotzen. Otsaila inguruan bigarren bideoklipa kaleratuko dugu eta dantzarako pieza berri bat ere aterako dugu 2025ean. 2026rako, berriz, hurrengo diska kaleratzea espero dut. Material asko dut sortuta eta horri irteera ematen saiatuko naiz. Beste proiektu asko ditut bidean, eta oso pozik nago.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 662 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.