Oihan Matute bikain aritu zen Eguberrietako Igeriketako Nazioarteko Sarian

Aiurri 2025ko urt. 10a, 08:32

Buruntzaldea IKT taldeko igerilariak Donostiako igerilekuan.

Donostiako Paco Yoldi igerilekuetan Euskal Herriko eta nazioarteko probatan dabiltzan igerilariak aritu ziren eta, bertan, andoaindarrak erakustaldi bikaina egin zuen.

Buruntzaldea IKT kirol taldeak eman du andoaindarraren balentriaren berri: "Bereziki aipatzekoa izen zen Oihan Matuteren jarduna. Tximeleta eta bular probetako 50 metrokoetan marka pertsonalak egiteaz gain, igerileku luzeko 15 urteko bi errekor berri ezarri baitzituen: bata, 50 bular broban (34,48); bestea, Hugo Gonzalez de Oliveira handiaren serie berdinean igeri egindako lau estiloetako 200 metrokoan, errekor berria ezartzea lortu zuen (2:27,84)".

Klubeko sei igerilari aritu ziren egun hartan: Garazi Etxeberria, Iker Gorostegi, Miren Sarobe, Oihan Matute, Ibon Elola eta Mayi Gorostegi. Honako proba hauetan lehiatu ziren: estilo libreko 50m, bizkar estiloko 50 metrokoa, bular estiloko 50m, tximeleta erako 100m, estilo libreko 100m eta lau estiloetako 200m.

Larunbat honetan, Hernanin

Nazioarteko Saria eta gabonetako jai egunak amaituta, Hernanin dute hurrengo hitzordua. Infantil, junior eta absolutuen mailako igerilariek bi proba izango dituzte: edozein estiloko 100 metroko bat, aukeran; eta, guztiek, derrigorrezko lau estiloetako 200 metrokoa. Saria arratsaldeko 15:00etatik aurrera hasiko da.

Bestetik, master ataleko lau kide Eibarko Ipurua kiroldegian izango dira, Gipuzkoako VII. Master Txapelketan lehian

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!