Goikoplazan, 11:15etan hasiko da elkarretaratzea, eta sinadurak biltzeko kanpaina jarriko dute abian bertan.
Gogoan izan behar da joan den irailaren 26an, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Pentsioen osagarria bermatzeko neurrien Lege-proposamena erregistratu zuela Gasteizko Legebiltzarrean. Gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldataren pareko izatea du helburu proposamen horrek. Hau da, pentsiodun guztiek bizimodu duina egiteko diru sarrera nahikoa izan dezaten.
Horrela, sei urte baino gehiagoko mobilizazioen eta mota guztietako jardueren ostean, tinko eusten diote 14 ordainsaritan 1080 €-ko gutxieneko pentsioa bermatzearen aldarrikapenari.
Herri Ekimen Legegilea (HEL)
EAEko Legegintzako Herri Ekimena arautzen duen 10/2016 Legearen arabera aurkeztu zuen proposamena Pentsiodunen Mugimenduak, Herri Ekimen Legegilea (HEL) abian jartzeko asmoz. Legebiltzarreko Mahaiak izapidetzeko onartu egin zuen ekimena joan den azaroan, eta era horretan, urtarrilaren 13an hasi eta hurrengo lau hilabeteetan, 10 mila sinaduratik gora bildu beharko dituzte.
“Herri Ekimen Legegilea (HEL) babesteko adierazpena, pentsioak osatzeko euskal sistema bat ezartzeko” izenburua daraman manifestua kaleratu dute, herritarri sinatzea eskatzea gonbidatzearekin batera.