Auzitegi Nagusiaren epai horren ostean, Gizarte Segurantzaren Instituto Nazionalak (INSS) enpresa horiei %30eko prestazio-errekargua ezarri zien, Patxi Modino Escuderoren kasuan ez zutelako segurtasun-neurririk hartu biriketako minbizia eta heriotza eragin zizkion amiantoari zegokionez.
Enpresa horietako batek, Nervion Industries Engineering and Servicesek helegitea jarri zuen, eta hain zuzen, horixe aztertu dute Donostiako Justizia jauregian gaur egin den epaiketan.
Epaiketa egin den unean, amiantoaren biktimen eskubideak defendatzen dituen Asviamie elkarteko hainbat kidek elkarretaratzea egin dute, Justizia Jauregiaren atarian. “Amiantoak hiltzen du”, “arazoa benetakoa da” eta “hiltzaile isila” leloak zituen pankartaren atzean jarri dira.
Elkarteko bozemaile Jexux Uzkudunek honako adierazpenak egin ditu:
Patxi Modinoren kasua: aldeko ebazpen eta epaiak
Kronologikoki, honelaxe laburtu liteke Patxi Modinori dagokionez, unean unean eman diren gertaerak.
2018ko azaroan, Donostiako Onkologikoko Bular-kirurgiako zerbitzuak andoaindarraren kasua aztertu ondoren “Biriketako Kartzinoma ezkataduna” diagnostikatu zioten.
2019/06/25ean, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak (INSS) Modinoren aldeko ebazpena eman zuen eta gaixotasun profesionalak eragindako Ezintasun Iraunkor Absolutua aitortu zion.
Aldi berean, Osalanek (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) ikerketa abian jarri zuen, ziurtatzeko Modinok amiantoren fibrak manipulatzeaz gain irentsi ahal izan ote zituen ala ez. Ondorioen atalean, zera adierazi zuen: “egindako ikerketaren ondorioz lortu den informazioaren arabera, arrazoizko zantzuak daude adierazteko amiantoren menpe lan egin zuela. Hori dela eta, Francisco M.E.k, Acenor S.A. enpresako (iraganean Pedro Orbegozo) langilea izan zen denboran amiantoa zeukaten materialak manipulatu ahal izan zituen, eta hortaz, amiantoaren fibrak ere irentsi ahal izan zituen. Aldi berean, amiantoarekin kontaktuan jardun ahal izan zuen beste enpresaren batean (esate batera, Acenorren plantan Montajes Nervion edo Arcelor Olaberriarekin, Bicolan ABLEko langile gisa)".
Gauzak horrela, Patxi Modinok, Cofivacasa, Sidenor, Montajes Nervion, Arcelor Olaberria eta Jose Maria Ucin enpresei demanda aurkeztu zien, segurtasun eta higienearen inguruko araudiak bete ez izanagatik; bere osasunean eragindako kalte larriengatik 311.195 euroko indemnizazioa erreklamatu zien.
Patxi Modino 2020ko azaroaren 12an hil zen.
Handik hilabete batera, ebazpen baten bitartez, lanbide-gaixotasunaren ondoriozko alarguntasun-, heriotza- eta biziraupen-prestazioak onartu zituzten Modinoren kasuan.
2022ko martxoan, EAEko Auzitegi Nagusiak, Sidenor Industrial, Cofivacasa, Montajes Nervion eta Jose Mari Ucin enpresei 313.185,24 euro hildako langilearen oinordekoei ordaintzera zigortu zituen, kalte-galerengatiko kalte-ordain gisa, amianto-zuntzekiko lan-esposizioaren aurrean segurtasun-neurririk ez hartzeagatik.
2023ko maiatzean, Gizarte Segurantzaren Instituto Nazionalak (INSS) %30eko prestazio-errekargua ezarri zien enpresa horiei, Modinori biriketako minbizia eta heriotza eragin zizkion amiantoarekin segurtasun-neurririk ez ezarri izanagatik.
Hain zuzen, prestazio-errekargu horri jarri zion helegitea Nervion Industries Engineering and Servicese enpresak (iraganean, Montajes Nervion), eta horixe da gaur aztertu dena epaiketan.