[Postontzia]

Ziako errekaren lanen ondorioz, behar bezalako autobus-zerbitzurik ez dago Andoainen

Esther Isasa 2025ko urt. 17a, 10:36

2024ko martxoaren 18tik, Lurraldebus zerbitzuko hainbat autobusen ibilbideak aldatu egin dira eta ez dira Andoaingo zenbait geltokitan gelditzen, Andoaindik atera, A15 errepidetik joan eta Urnietaraino joaten baitira zuzenean. 

Ondorioz, azken hamar hilabeteetan, adibidez, Buruntza auzoko bizilagunek Urnietako Ergoien Auzoko Xoxokako geltokiraino joan behar izan dute autobusa hartzera edota bertan jaitsi etxera joateko. Bide hori egiteko espaloirik ez dagoela kontuan izanda, bistan da zein arriskutsua den oinezkoentzat.

Ur Agentziaren zuzendaritzapean egiten ari diren lanak dira Ziako errekakoak eta horixe da Andoaingo Udalak herritarrei jarri dien aitzakia gaiaren gaineko kezka adierazi den bakoitzean. Ohiko zerbitzua noiz berreskuratuko den galdetuta, berriz, hainbat data eta irtenbide aipatu dira, baina ez dira orain arte bete eta hamar
hilabete beranduago, arazoak bere horretan irauten du.

Garraio publikoa erabiltzea sustatu nahi dela aldarrikatu bai, baina garbi dagoen kontu bakarra da aurreikuspen, ardura eta interes falta ikaragarria egon dela eta dagoela lan horretan parte hartzen ari diren erakunde guztien aldetik. Zerbitzu publiko hobea merezi dugu herritarrok.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!