Zain dugu Agate deuna

Urtero bezala, Ageda deun egunaren bezperako usadioari helduko diogu eta berriro Andoaingo kale eta plazetan barrena ibiliko gara otsailaren 4an, asteartearekin, arratsaldeko seietatik aurrera, Elizondo tabernaren aurrean azkeneko kantak urratuz amaitzeko.

Ahotsak prestatzeko helburuarekin eta kanta berriren bat ere ikasi behar baita, urtarrilaren 27an, astelehenarekin, eta urtarrilaren 28an, asteartearekin, entseguak egingo ditugu Anbrosia Olabide egoitzako sarrera nagusian, ohi dugun bezala, iluntzeko 20:00etan hasita.

Ateri egon edo kazkabarra egin Agate deunaren erronda kalean izango da berriro aurten, hutsik egin gabe. Errondaren ibilbidea ohikoa izango den arren, aurrerago horri buruzko xehetasunak emango ditu Manuel Larramendi Kultur Bazkunak.

Irteera otsailaren 4an izango da, arratsaldeko 18:00tan hasita, Etxeberrieta plazatik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!