"Amets hegalariak", Arrate Fernandezen film labur berriena

Xabier Lasa 2025ko urt. 19a, 21:07

Arrate Fernandezen “Amets hegalariak” eta Iratxe Fresneda arrigorriagatarraren “Errotatiba” euskarazko film laburrekin emanaldi berezia antolatu du Udaleko Euskara Zerbitzuak. Bastero Kulturgunean izango da, urtarrilaren 24an, 12:00tan hasita.

La Salle Berrozpe, Aita Larramendi Ikastola eta Leitzaran institutuko bigarrengo Batxillergoko ikasleentzat proiektatuko dituzte bi filmak eta, ondoren, egileekin solasean aritzeko aukera izango da. Bi zinegileek beren ibilbideen eta eskarmentuen berri ikasleei ematea du helburu ekimenak, eta horretarako, ekitaldian izango dira Iratxe Fresneda, Arrate Fernandez eta bere filmean parte hartu duen Lur Usabiaga aktore eta musikaria.

"Amets hegalariak": giza harremanak jo-puntuan

Arrate Fernandez Itsaso (Andoain, 1973) zinegileak iazko irailean aurkeztu zuen 19 minutuko iraupena duen Amets hegalariak laburmetraia. Donostiako Bukowski tabernan egin zuen lehen erakustaldia, filmean modu batera edo bestera ekarpena egin duten zinemagintzako hainbat kiderekin batera, hain zuzen. Fernandezek Donostiako ikustaldian adierazi zuenez, istorio batetik tiraka, hainbat pertsonaiaren arteko giza-harremanak eta beraien joan-etorri emozionalak kontatzen ditu Amets hegalariak film laburrak; tartean, zoritxarrez aktualitate handiko gizarte arazo larri diren bullying-a edota suizidioa jorratzen ditu, modu gordinean. Bere hitzetan, “gizakien arteko harreman gora beheratsuak, gizakien nahasmen emozionalak eta sentimendu kontrajarriak, laguntasuna… dabiltza hegan filmean, uneoro”. Nolanahi ere, eta “bizitza bizitze hutsak gizakiei eragiten dizkien buruhausteen gainetik, mezu baikorra transmititu” nahi duela filmak gaineratu zuen, “benetako adiskidetasunaren balioaz sakonduz horretarako”. Fernandezek Amets hegalariak filmean zuzendari, gidoilari eta ekoizle exekutibo gisa jardun du. Guztira, ehun bat pertsonek osatu dute lantaldea. Aktoreei dagokionez, aldean, aipatzekoak dira, besteak beste, Amaia Irazabal, Amaia Ruiz de Galarreta, Jon Plazaola eta Arkaitz Gartziandia. Bestalde, honako hauek azaltzen dira modelo gisa: Amaia Lizarralde, Olatz Beobide, BelÈn Cruz, Dorleta Urretabizkia, Nova, Maikee eta Leire Zinkunegi, guztiek ere Tytti Thusberg izan dute moda diseinatzaile. Filmaren fitxa teknikoarekin jarraituz, esan behar da Maru Solores dela bere zuzendari laguntzailea, Rosa Tolosa ekoizlea, Javier Montes ekoizle laguntzailea, Joseba Ariznabarreta argazki zuzendaria, Helena NuÒez muntatzailea, eta, Ama Etxeberria diseinu grafikoko arduraduna. Guztira, zinemagintzan aritzen diren ehun bat profesionalek eta langilek osatu dute lan-taldea; nork berea jarri du filmaren errodajean zein ondorengo muntaian. Amets hegalariak film laburra jaialdietan aurkezteko asmoa zuela esan zuen Donostiako aurkezpenean Fernandezek. Euskara eta zinema batzen dituen Lekeitioko Euskal Zine Bilera jaialdia izan zen lehenbizikoa, eta promozio-eginkizun horretan jarraitzen du, egun.

Zinemagintzan pasioz murgildutako sortzailea

Arrate Fernandezek lau film labur dauzka eginak aurretik: Ekintzen ispilu Gardena (2003), Arbasoen argi iraunkorra (2005), Maddi eta Patxi (2016) eta Begi ninien koreografia (2018). Aldi berean, 2022an, Euskal Herriko hainbat emakumeren ahotsen eskutik azken 40 urtetako erradiografia egiten duen Gure Hots dokumentala sortu zuen. Joxema Langarak 90eko hamarkadan zuzentzen zuen Andoaingo gazteen antzerki-taldean ekin zion kulturgintzako ibilbideari Fernandezek, eta poliki-poliki, kultur sormenaren bidea urratzen eta trebatzen joan da geroztik, Andoaingo Kanalon telebistan eta ETBn hasieran, gidoigintzara, irratigintzara eta ikus-entzunetara bideratutako makina bat ikastarotan murgilduz ondoren...

Pasio du zinegintza, eta denborarekin eta ekinaren ekinez ikasi du baliabide eskasekin (finantziazioa, batik bat) gauzatzen buruan zeuzkan gidoiak. Amets hegalariak azken filmean, adibidez, zuzendari eta gidoigile ez ezik ekoizle exekutiboa (finantziazioaz eta lan-taldea kudeatzeaz arduratzen den pertsona) ere izan da. Hezkuntzaren arloan ari da lanean, gaur egun, eta zaletasun gisa du sormen-lana. Urrutira gabe, Amets hegalariak, aurrez egindako Gure Hots dokumentala Primeran plataforman emititzearen truk ETBk emandako diruarekin finantzatu du. Alde horretatik, Fernandez oso kritiko ageri da administrazio publikoek edo horien azpian dauden erakunde desberdinek ikus-entzunezkoen munduan bidea egin nahi duten euskal kulturgileekiko daramaten dirulaguntzen politikarekin eta irizpideekin. Sorkuntza euskaraz eta euskaratik egin nahi duten kulturgileekin sentiberatasun berezirik ez duela sumatzen aitortzen du Andoaingo zuzendariak. Are gehiago, gabezia hori gainerako euskal kulturgile eta kultur-eragileengana zabaltzen dela gaineratu du Fernandezek, “Badute benetan meritua euskal munduko hainbat pertsonek, zinean, antzerkian, dantzan nahiz beste arte-diziplinetan murgilduta dabiltzanek, gizarte honi beren kultur ekarpena egiteko apustua egin baitute, nahiz bizimodu nahiko prekarioan bizi behar horretarako”. Gogoeta horretatik sakonduz egin du tiraka Amets hegalariak hain zuzen, Fernandezen esanetan: “Kamera aurrean kulturgile ugari jarri nahi izan ditut, aktoreak, dantzariak, musikariak, moda diseinatzaileak, artegileak.... Horienganako keinu konplizea egin nahi izan dut, gorazarre egin nahi izan diet, trabak traba, pasioz bizi duten horri tinko eusten diotelako”.

"Errotatiba", Egin egunkaria itxi zutenekoa

Iratxe Fresneda Delgado (Arrigorriaga, 1974) zuzendari eta EHUko ikus-entzunezkoen irakasleak zuzendu duen Errotatiba film laburra da Basteron ikasleek ikusi ahal izango duten bigarren ikus-entzunezkoa. Baltasar Garzon epailaren aginduz 1998an poliziak itxi zuen Egin egunkariaren errotatiba du ardatz filmak. 2024an aurkeztu zuen filmak bi helburu nagusi bete nahi dituela adierazi berri du Fresnedak; batetik, “lanbide jakin batzuen eta gertakari historikoen desagerpenaren eta ahanzturaren” gaineko hausnarketa zabaldu, eta, bestetik, “munduan egoteko modu baten galera erregistratu”. Bestalde, Errotatiba filmatzea “inoiz gertatu behar ez zen gure historiaren pasarte bati aurrez aurre begiratzea izan” dela aitortu zuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!