Kañoyetan elkarteak bart estreinatu du Oiartzabalek eta Berrondok sortu dioten ereserkia

Xabier Lasa 2025ko urt. 20a, 10:45

Alde Zaharreko Abuztuaren 31 kalean kokatzen da Kañoyetan, eta bere danborradak bart estreinatu du Joxe Mari Oiartzabal eta Joxerramon Berrondo musikari andoaindarrek espreski sortu duten ereserkia. Bideoa, ikusgai:

1900an jarri zuten abian Kañoyetan elkartea, eta Donostiako zaharrena da. Elkartearen 125. urteurreneko ospakizunekin bete-betean dabiltza aurten beraz, eta aurrez, bere bazkideek, ereserki baten jabe izatea eta hori San Sebastian egunean estreinatzea jarrita zeukaten ekitaldi nagusi gisa.

Bart egin dute estreinaldia esan bezala, elkartearen atarian bertan, Valle Lersundi plazan eta Abuztuak 31 kalean, Donostiako iturririk zaharrenaren aurrean.

Hona bideoa:

 

Oiartzabalek sortu du doinua eta Berrondok hitzak; biek ere, elkartearen historia eta filosofiaren gaineko dukumentazioa hartu dute oinarri sorkuntza lana egiteko.

Hona abestiaren hitzak:

Kañoyetan

Urgull mendiko azpian

ur emari oneko iturri ondoan

sortu zen kabi ederra

lagun giro goxo izateko asmotan

bere lemak hala dio:

“herriak bere lege ardura etxean”

goza dezagun

kiden artean maitea dugun elkartean

Kañoyetan!

 

Bigarren abesti baten estreinaldia, gaur

Oiartzabalek eta Berrondok bigarren abestia konposatu dute San Donostiako elkarte batentzat berriki, eta gaur egingo dute haren estrainaldia. Hain zuzen, Egia auzoko Parrokia Maria Reina-Egiako Tolosarrak izeneko danborradarentzat egin du ereserkia.

Maria Reina parrokiako aisialdi taldeak sortu zuen danborrada hori 2000. urtean, eta gaur arratsaldean, Egian bertan egingo dute ereserki berriaren aurkezpen ofiziala.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!