[Postontzia]

Euskararen erabilerak gora, Plastigaurreko barne-harremanetan

Plastigaur 2025ko urt. 24a, 06:45

Plastigaur enpresak estrusio, inprimaketa eta ijezketa-zerbitzu integratuan lan egiten du. 1989an hasi zuen bidea eta gaur egun ezaguna da Andoaingo enpresa  bilgarri eta enbalaje industrialak egiteagatik, baita Ekonomia Zirkularrean egin duen ibilbideagatik ere.

Ehun langile baino gehiago biltzen dira Plastigaurren egunero-egunero, eta tokiko egoeratik abiatu eta gizartearekiko konpromisora jauzi eginik, 2019. urtean euskararen egoeraren diagnostikoa egin eta Euskara Plana diseinatu zuen Elhuyarrekin batera. Helburu propioak ditu Plastigaurrek euskarari dagokionez eta horiek lortzeko urtero-urtero hainbat ekintza antolatzen ditu. 

Euskara Plan horren bidez, euskara normalizatzeko aurrerapausoak eman nahi dira, barne- zein kanpo-harremanetan. Langileen harremanetan eragin zuzena izateko eta  euskararen erabilera modu iraunkorrean areagotzeko eta indartzeko prozesu berezi bat egin dute hainbat langilek pasa den 2024an.

Euskara Planaren segimenduaz arduratzen den Euskara Batzordean jaio zen ideia, eta euskara ardatz duen eraldaketa-prozesu txiki batean parte hartzeko proposamena egin zieten Plastigaurreko hainbat langileri 2023an. Izandako arrakasta ikusirik, 2024an ere lan horri segida ematea erabaki zuen Batzordeak, eta oso emaitza ona izan du.

Elhuyarrek lagunduta, Berbasarea prozesua martxan jarri eta euskararen barne-erabilera handitu da, baita euskararekiko lidergoari buruzko hausnarketari esker, hizkuntza-jarrerak aldatu ere.

Zer da, baina, Berbasarea? Langileen arteko euskararen erabilera handitzeko ariketa da. Borondatezkoa da eta bertan parte hartzeko beharrezko baldintza da euskarazko gutxieneko ulermena izatea. Talde-ikuspegia duen ariketa da; izan ere, Berbasarean parte hartu duten langileekin taldetxoa sortu eta beren arteko harremanetan euskara zenbat erabiltzen den jaso dugu. Euskararen erabilera handitzeko eusleak identifikatu ditugu, euskarari eusten dioten pertsonak.

Hiru hilabete iraun ditu prozesuak, eta, guztira, aurrez aurreko hiru saiok osatu dute ariketa. Bakoitzean, hizkuntza-jarrerak landu dituzte, elkarren lanaren balorazioa egin eta emaitza hobea izan dadin neurriak hartu dituzte kideek.

Parte-hartzaileek oso ondo baloratu dute dinamika, besteak beste, baliagarria iruditu zaielako aurreiritziak lantzeko, norberak euskararekin duen ibilbidea ezagutzeko eta taldeak euskaraz lan egiteko dituen aukerak ezagutzeko eta baliatzeko.

Datuei erreparatuta, dinamika hasi baino lehen, euskaldunen arteko euskararen erabilera (euskaraz eta batez ere euskaraz hitz egiten zutenen kopurua) %30 zen. Azken fasean, ordea, %60an gelditu da. Alegia, bikoiztu egin da euskararen presentzia taldean.

Talde-mailako eta norbanako erronkak identifikatu dituzte taldekideek prozesuaren amaieran. Erabilerari eutsi eta gainontzeko lankideak ere dinamikara hurbildu nahi dituzte.

Plastigaurren asmoa da langile euskaldunak aktibatzea eta euskarak barne-harremanetan espazio berriak irabaztea. Beraz, aurrerantzean ere, dinamika hau martxan jartzea aurreikusten dute beste talde batzuekin. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!