EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemosek 2025eko aurrekontuekin hitzarmena lortu dute

aiurri 2025ko urt. 25a, 09:33

2025. urterako udal aurrekontuekin adostasuna lortu dute EH Bilduren udal gobernuak eta Elkarrekin-Podemos udal taldeak. Zerbitzu publikoen aldeko apustua egiten dutela adierazi dute bi aldeek. Aurreko asteartean, Udal Gobernuak EAJ-PNV alderdiarekin lortu zuen adostasuna aurrekontuekin.

Atzo eguardian eman zuten hitzarmenaren berri Andoni Alvarez alkateak eta Marta Lasa zinegotziak Udal gobernua ordezkatuz, eta Pepe Iparragirre zinegotziak eta Teresa Santana zinegotzi ohiak Elkarrekin-Podemos ordezkatuz.

Bi aldeek adierazi zutenez, Andoain guztiontzat bizigarri izateko erronka, plan eta proiektu multzoa jasotzen dituzte 27.952145 eurotara iristen diren aurrekontuek.

Bestalde, gaineratu zuten aurreko urteko gerakinarekin ere kontatzen duela Udalak, “Herriaren etorkizunerako ezinbesteko ikusten diren eraikuntza eta proiektuak garatuko dira bertatik”.

 

Zerbitzu publikoen aldeko apustua

Aurrekontu hauen bidez udal zerbitzu publikoak sendotzeko apustua egiten dela azpimarratu zuten, “egonkortasun-prozesuen bidez lanpostuak egonkortu eta lan baldintzak hobetzen dira”.

Ildo beretik jo zuen Santanak aurkezpenean, eta bereziki eskola publikoaren aldeko aldarria egin du. Ziurtatu zuen Elkarrekin-Podemosek laguntza publiko guztiak eskola publikora bidera daitezen lan egiten segiko duela, “ez badugu haren aldeko erabateko erabakiak hartzen, gainbehera baitatorkigu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!