"Pentsioak truke-moneta dira oraindik, eta ez oinarrizko eta funtsezko eskubide bat”

Aiurri 2025ko urt. 27a, 15:51

Omnibus lege-dekretuan jasotako pentsioen igoera indargabetzea dela-eta, oso haserre agertu dira Andoaingo Pentsiodunak, Goikoplazan goizean egin duten hamabosteroko elkarretaratzean. Bestalde, iragarri dutenez, datorren larunbatean ekingo diote sinadura bilketari, “Pentsioen Osagarria Bermatzeko Neurriak” izapidetzeko Gasteizko legebiltzarrean abian jarri duten HELa babesteko asmoz.

Joan den asteazkenean, urtarrilaren 22an, Kongresuak bertan behera utzi zuen abenduan Gobernuak onartua zuen lege-dekretua, kontrako 177 botorekin (PP, Vox, Junts) eta aldeko 171rekin. Deketua indargabetuta, etenda geratu dira bertan jasotako neurriak, hala nola, garraio-laguntzak luzatzea, pertsona kalteberentzako oinarrizko hornidurak eta etxegabetzea eteteko debekua, eta, DANAk eragindako pertsonentzako laguntza batzuk.

Andoaingo Pentsioduneen elkarteak bat egin du estatuko hainbat elkarteek indargabetzearen inguruan egin duten balorazioarekin, “Pentsiodunentzat garrantzi berezia duen neurri bat pentsioen igoera da, %2,8ko igoera kotizaziopeko pentsioetan, %6ko igoera gutxieneko pentsioetan eta kotizazio gabeko pentsioetan eta %9ko igoera Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreran. Igoera hori urtarrileko pentsioan aplikatuko da, baldin eta hori ahalbidetzen duen beste lege-dekreturik planteatzen ez bada, eta otsailetik aurrera ez da aplikatuko”.

Pentsioen igoera ez dagoela behin betiko bermatuta egiaztatu ahal izan du Kongresuko bozketa horrek, Pentsiodunen elkarteen ustetan, “alderdi politiko batzuentzat unean-unean duten estrategia alderdikoiaren parte da. Pentsioak truke-moneta dira oraindik, eta ez oinarrizko eta funtsezko eskubide bat”.

Elkarteek iragarri dutenez mobilizazioekin sakontzeko asmotan dabiltza, “gai hori ez badago behar bezala konponduta aurtengo otsailaren 20a baino lehen, 22an kalera aterako gara, 2018ko urtarrilean egin genuen bezala. Pentsiodunei dei egiten diegu kalean borrokatuz lortutakoa ausardiaz defendatu eta hobetzeko”.

 

 

Sinadura bilketa kanpaina, HELaren alde

Euskal Herriko Pentsiodunek Gasteizeko legebiltzarrean aurkeztu duten Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadura bilketari datorren larunbatean ekingo diotela adierazi dute, Goikoplazan egin duten elkarretaratzean.

Jarriko dituzten mahaietan, pentsioen osagarria bermatzeko neurrien lege-proposamenaren gaineko informazioa zabalduko dute, eta sinadunak bilduko dituzte.

Hona noiz eta non jarriko dituzten mahaiak:

* Zumea plaza: ostiralaetan, 18:30etik 20:30era.

* Eskola kalea-Juanita Alkain plaza: astearte eta larunbatetan, 09:00etatik 13:00etara.

* Goikoplaza-Nafarroa plaza: larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara.

* Arteta 1: astearte, ostegun eta ostiraletan: 09:00etatik 13:00etara.

Andoaingo pentsiodunek adierazi dutenez, sinadura bilketen kanpaina horrek babesa eman nahi dio Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Gasteizko legebiltzarrean aurkeztu berri duen pentsioen osagarria bermatzeko neurrien lege-proposamenari. Apirila arte luzatuko da kanpaina hori, EAEn.

 

10 mila sinadura biltzeko kanpaina

Gasteizko legebiltzarrakazter dezan, gutxienez 10.000 sinaduren babesa behar du lege-proposamen horrek, eta lau hilabeteko epea daukate kopuru hori bildu ahal izateko.

Andoainen, 650 sinaduratik gora biltzeko asmoa daukate. Nolanahi ere, lau hilabeteetan ahal dituzten gehienak lortzen saiatuko dira.

 

100.000 pentsiodunek jaso dezakete osagarri hori

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Herri Ekimen Legegile (HEL) gisa aurkeztu du “Pentsioen Osagarria Bermatzeko” neurrien aldeko lege-proposamena, eta horrekin, zera eskatzen du: gutxieneko pentsioak osatzeko euskal sistema bat garatzea, “60 urtetik gorako pentsiodunen gizarte-bazterketako arriskua prebenitzeko”.

Gehitu duenez, “pentsiodunen diru sarrerak osatuz gero, Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) %100arekin parekatzen da, Eurpoako Gutun Sozialaiaren diru-sarreren nahikotasunari buruz ezarritako irizpideen arabera”.

Mugimenduaren ustetan, lege-proposamena onartuz gero “EAEko 100.000 pentsiodunek, gehienak emakumeak, jaso dezakete 1.134 euroko osagarri hori”. Mugimenduak zehaztu duenez, HEL honetan ezarritako pentsio-osagarria “modu indibidualizatuan aplikatu behar zaio jasotzaile bakoitzari, haren bizikidetza-harremanak edozein direla ere”. Bestetik, erantsi dute euskal administrazio publikoak ofizioz jardungo beharko duela “osagarria jasotzeko eskubidea duten pertsona guztiek jasoko dutela bermatzeko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!