Herriko ikasleekin solasean aritu ziren Fernandez eta Fresneda film-laburren egileak

Xabier Lasa 2025ko urt. 28a, 13:31

Arrate Fernandez andoaindarraren “Amets hegalariak” eta Iratxe Fresneda arrigorriagatarraren “Errotatiba” euskarazko film laburrekin emanaldi berezia egin zuten Basteron joan den ostiralean, Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatuta. Argazki-sorta eta bideoa, ikusgai hemen: 

La Salle Berrozpe, Aita Larramendi Ikastola eta Leitzaran institutuko bigarrengo Batxillergoko eta Escivi zine eta bideo eskolako ikasleentzat film labur bana proiektatu zituzten, eta ondoren, beren egileekin solasaldia egiteko aukera eduki zuten.

Ainhoa Aiertzak gidatu zuen ekitaldian, Arrate Fernandez zuzendariak eta Lur Usabiaga aktoreak aurkeztu zuten “Amets Hegalariak” film laburra, eta Iratxe Fresneda zuzendariak eta Txelu Medina produktoreak “Errotatiba”.

Lau gonbidatuek beren lanak aurkezteaz gain, zinemagintzan egindako ibilbideak, ikuspegiak, ezagutzak... partekatu zituzten Basteron bildutako ikasleekin, eta horiek galdera ugari egin zizkieten. Solasaldi atsegina sortu zuten guztiek ere, era horretan.

Fernandezek azaldu zuenez, hainbat pertsonaien arteko giza-harreman gorabeheratsuak eta beraien joan-etorri emozionalak kontatu nahi izan ditu 19 minutu irauten den film laburrean. Bullying-a, suizidioa eta beste zenbait gai guztion bizitzan nahi baino gehiagotan presente egon arren, horiek naturaltasunez jorratzeko gogoa nahi izan duela aitortu zuen. Hori bai, laguntasunean oinarritutako harremanen aldeko mezu itxaropentsua zabaldu nahi izan duela gehitu zuen Fernandezek.

Iratxe Fresnedak 8 minutu irauten duen lan esperimentalaren aldeko apustua egin zuela adierazi zuen Basteron, 1998an poliziak itxi zuen Egin egunkariaren errotatibaren gaineko errealitatea adierazteko orduan. “Egin nezakeen ahozko testigantzekin osatutako dokumentala, baina nahiago izan nuen lan pertsonalagoa egin, erabat abandonatutako eraikinaren irudi etsigarriekin”.

Ekitaldia, bideoz ikusgai, hemen:

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!