2024ko hondarrean, autogestioa garatzen segitzeko une erabakiorra bizi zuela familia-proiektuak, eta horrexegatik, elkartasun deia luzatu zuen Izagirrek.
Andoaindarra jaioterrian izan da Eguberrietan, eta Aiurrik harekin mintzatzeko aukera eduki du.
Zer moduz joan da egin zenuten elkartasun deia?
Eskerrik zintzoena eman nahi dizkiegu ekarpen ekonomikoa egin digutenei azken hilabeteetan, lehenengo eta behin. Familia-proiektua oso une erabakiorrean, aurrera egin ala ez, ezjakintasun egoeran egon da azken aldian, eta ezinbestekoa izan da Euskal Herritik jaso dugun hauspoa; ekonomikoaz haratago, garrantzitsuagoa izan da animikoa.
Jasotako elkartasunaz gain, bankuek hango kooperatibetako nekazariei ematen dieten kreditu-lerro bati heldu diogu, eta horrela, lur eremua erosi ahal izan dugu orain gutxi. Ilusioz beterik gaude oraintxe, gure zenbait amets gauzatzeko bidean egon baikaitezke etorkizunean.
Lur eremu berri horren erosketak zertan lagunduko dio zuen familia-proiektu agroekologikoari?
Dibertsifikazioan sakontzea eragingo digu. Gure asmoa ez da ekoizpena handitzea, ez da aberastea. Urte guztian ekoiztea, autosufizienteak izatea ehuneko ehunean, eta soberakinak merkatuan saltzea da gure ametsa, eta horretarako bidea erraztuko digu lur sail berriak. Zehazki, batetik, animalien (txerriak, oiloak, ahuntzak...) abeltegi integralagoa osatu ahal izango dugu. Bestetik, barazkien eta fruta-arbolen aniztasunean sakontzen segiko dugu; izan ere, izugarrizko landaketa-aukerak irekitzen zaizkigu: yuka, malanga, curcuma, jengibrea, letxuga, platanoa, errukola, berenjena, ahutzen esnerarekin gazta...
El Salvadorren zuen proiektuak arreta pizten duela adierazi izan duzu lehen ere.
Halaxe da. Lurra modu tradizionalean ereiteak nagusi izaten segitzen du hango nekazarien mentalitatean; benefizio azkarrak lortzeko monolaborantzan eta agrotoxikoen erabileran oinarritzen dena, alegia. Eta hortik errotik aldentzen delako pizten du arreta gureak. Hango telebistan behin baino gehiagotan atera izan gara, eta garapen-proiektuetan dabiltzan GKE askok ere erreferente gisa hartzen gaituzte. Ohitu egin gara bisitariak jasotzera, irrikaz datozenak gure proiektua eta bizimodua ezagutzera.
El Salvador hizpide izanda, ezin aipatu gabe utzi 2019az geroztik bertako presidentea den Nayib Bukele.
Sentimendu kontraesankorrak pizten dizkio balore aurrerazaleak dituen edonori. Batetik, aitortu egin behar da lortu duela desagerraraztea El Salvadorrek urtetan bizi izan dituen segurtasun eza eta indarkeria. Izan ere, jasanezina baitzen biolentziaren kultura zenbateraino zegoen zabalduta gizartean, Maren bandek-eta ezartzen zituzten hilketekin, estortsioekin, emakumeen bortxaketekin, etab. Baina bestetik, ezin dugu ahaztu oinarrizko giza eskubideak urratu dituela nahierara, eta batik bat, kaudillo baten antzera jokatzen duela eta ez duela kapitalismoa edo multinazionalen boterea kuestionatzen.
Kontua da jende gehiena ikarak jota bizi izan dela urtetan, eta bost axola hari Bekelek erabili dituen medioak; emaitzak bakarrik hartzen ditu kontuan, eta alde horretatik erreala da “garbiketa”. Gehiengoa gustura dago Bekelerekin. Publizista da berez, diskurtso seduktorea darabil eta badaki neurri populistak ezartzen, jendea erakartzeko. Ikusteko dago nola uzten duen El Salvador, agintetik aldentzen den egunean...
Jaioterrira itzuli zara egun batzuk igarotzera.
Bai. Egia esan, gure familia-proiektuak bultzada erabakiorra jaso duen une berean, Valentziako CERAI (Landa Ikasketetarako eta Nazioarteko Nekazaritzarako Zentroa) Gobernuz Kanpoko Erakundeak berarekin lan egiteko aukera eman dit. Bat egiten du gure filosofia agroekologikoarekin, eta ildo horri eutsiz El Salvadorren zenbait egitasmo garatzen ari denez, egokia ikusi du nire profileko pertsona batekin lankidetzan jardutea. Ardura berri horrek ekarri nau Valentziara eta Euskal Herrira, eta jaioterrian egun batzuk igarotzeko probestu dut egonaldia.
13 bat urte daramazu El Salvadorren. Urte mordoxka jaioterritik urrun.
Eguneroko bizitzan oso estututa eta estresatuta sumatzen dut jendea Euskal Herrian; ez dut gogoko zer nolako dinamikan murgilduta bizi den jendea. Mundu honetan gaudela, bizitzari zentzua topatu behar zaio, eta nik uste hori lortu dudala El Salvadorren. Sustraiak egin ditut han, erabat ilusionatuta nago hango bizimoduarekin, are gehiago azken hilabeteetan eman dugun pauso erabakiorrarekin.