Osasun sistema publikoaren alde, promesa gehiagorik ez!

TOPA Osasun Publikoaren aldeko plataforma 2025ko urt. 31a, 08:00

Artxiboko irudia.

Otsailaren 1ean hiru herrialdeetako hiriburuetan (Bilbo, Donostia eta Gasteiz) egingo diren manifestazioetan parte hartzera deitzen dugu.

Osasunerako eskubidea arrisku larrian dago. Azken urteotan, Eusko Jaurlaritza estrategia orokorra garatzen ari da osasun-sistema publikoa desegiteko eta pribatizazioa bultzatzeko. Osasun-negozio pribatuen aldeko estrategia horrek zerbitzu publikoaren kalitatea hondatzea eskatzen du lehenik. Horregatik zaildu egiten dute zerbitzurako sarbidea (itxarote-zerrendak handituz), edo ez dute erreferentziazko profesionalen jarraikortasuna errespetatzen, etengabe txandakatzera behartuz, eta, horrela, Osakidetzaren izen ona eta ospea ahulduz.

Osasun Publikoaren narriadura gorakor horrek, zerbitzuaren kalitate eta herritarren osasunaz gain, osasun-langileen lan-baldintzak okertu egiten ditu (lan-gainkargak, lan-prekarietatea...), eta kudeaketa autoritarioko eredua nabarmentzen du eta herritarrok erabakietan parte hartzeko dugun eskubidea urratu egiten du.

Osasungintza sektore pribatuaren eskuetan jartzeak osasun publikoa ahultzea dakar, baliabide ekonomiko garrantzitsuak kentzen baitizkio. Saihes daitezkeen erikortasuna eta heriotza-tasa handitzen du, kostuak areagotzen ditu, osasun-jardueren osotasuna desegituratzen du eta historia kliniko indibiduala pobretzen du, osasun-arretaren informazioa negozio pribatu askoren eskuetan sakabanatuz.

Bereziki deigarria da estrategia horrek Lehen Mailako Arretan duen eragina, osasun-laguntzaren % 80 artatzen baitu. Osasun-sistemaren ardatz nagusi hori definitzen duten elementu garrantzitsuen garapen ezak edo urritasunak ahitu egin du familia eta komunitate eredua. Mendekotasun-zaintza ez aipatzeak edo osasun-eragile sozialetan esku-hartze faltak larritu egiten dute ereduaren funtzionamendu egokia. Bestalde, langileen eta jendartearen parte hartzeko ezintasunak eta giza baliabide eta baliabide ekonomikorik ezak eredu hori definitzen zuten funtsezko elementu gehienak kentzen dizkiote ereduari: irisgarritasuna, unibertsaltasuna, integraltasuna, arretaren jarraitutasuna, ekitatea eta orientazio komunitarioa.

Desegite-estrategia horretan kokatu behar dira Osasun Zentroen eta Etengabeko Arreta Guneen ordutegien murrizketa eta zentruen itxiera orokortuak, ahaztu gabe medikurik gabeko zentroak, arreta jasotzeko beste udalerri batzuetara egindako joan-etorriak, edo hainbat espezialitatetako profesional eza; gainera, ezin ahaztu lan-gainkarga itzela eta lan-prekarietatea (% 50 ingurukoa), ezta horien finantzazio eskasa ere.

Osasun Sailak ez du egoera hori zuzentzeko interesik, argi eta garbi ikusten da bere jardueretan:

  • Osasun Sailaren 2025eko aurrekontuak % 0,35 igo dira, aurreikusitako 2024ko benetako gastuarekin alderatuta.
  • Sailburuak pandemiaren aurreko itxaron-zerrendak berreskuratuko ez direla iragarri du.
  • 2028ra arte profesional medikoen aurreikusitako defizita eta 2035ean aurreikusitako berreskuratzea.
  • Erakunde Sanitario Integratuen "ESI" egungo eredua mantentzea (lehen mailako arretaren narriaduraren funtsezko elementua).
  • Zerbitzuen pribatizazioa mantentzeko borondatea, 2025ean altxor publikoko ehunka milioi euro desbideratuz.
  • Era berean, lehen kanporatutakoak (hala nola garraio sanitarioa) berreskuratzeari uko egitea.

Osasun Sistema Publikoak norabide aldaketa behar du, eta horri heldu behar zaio Euskal Osasun Itunaren Mahaitik harago. Premiazko arazoek eskatzen dituzten konponbideez gain, Mahai horrek beharrezko egitura-aldaketak adostu beharko lituzke osasun publiko doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa bermatzeko. Honako neurri hauek aplikatzeko gai izan beharko luke aipatutako Mahaiak: pribatizazioa geldiarazi eta sistema publikoari baliabide ekonomiko gehiago eman, Lehen Mailako Arreta indartu; langileen lan-baldintzak hobetuz eta plantilla nahikoa, egonkorra eta prekarizatu gabea bermatuz. Azken batean, kudeaketa-eredu gardena eta parte-hartzailea garatzeko gai izan beharko luke Euskal Osasun Itun horrek.

Gaur egun promesa asko entzuten ditugu, baina ez dugu aldaketarik ikusten. Aitzitik, murrizketak eta pribatizazioak ugaritu egiten dira. Horregatik, Osasun Publikoaren Defentsarako Plataformek eta manifestua sinatu dugun eragileok uste dugu beharrezkoa dela mobilizazioei eustea, egoera hori salatzeko eta osasun-sistema publikoa defendatzeko.

Horretarako, otsailaren 1ean hiru herrialdeetako hiriburuetan (Bilbo, Donostia eta Gasteiz) egingo diren manifestazioetan parte hartzera deitzen dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!