Txotx denboraldia 2025

"Sagardoa egin berria da eta uzta polita dugu"

Aiurri 2025ko urt. 30a, 08:26

Leizotz aldeko sagardotegiak maiatzaren amaierara bitarte luzatuko du txotx garaia. Hortik aurrera, eskaintza zabaldu eta urte osoan irekita izango da Mizpiradi. Denboraldiko xehetasunak eskaini dizkio Aiurriri Jon Mikel Arruabarrenak.

Ireki berritan Aiurrira hurbildu da sagardogile gaztea.

Berriro ere martxan, Jon Mikel.

Aurreko asteburuan irekita, berriro martxan gaude. Ostiralean egin zen irekiera ofiziala Andoainen, eta asteburu osoan izan dugu jendea gurean. Pozik gaude bezeroak etortzen hasi direlako sagardotegira. Sagardoa egin berria da eta uzta polita dugu.

Hemendik aurrera, geratu gabe.

Bai, larunbat eguerdiro beteta dugu. Ohitura aldaketa eman zen eta askok eta askok larunbat eguerdira begira egiten dituzte erreserbak. Igandean, familiak izaten dira, gehixeago.

Jar gaitezen Inauterietako datei begira. Dagoeneko beteta duzu?

Bai, halaxe da. Bazkaltzeko eta afaltzeko beteta dugu Inauterietan.

Zer moduz joan da udazkeneko atariko lana?

Sagar gutxi izan da hemen, izaera handikoa eta kanpotik gehixeago ekarri behar izan dugu. Baina bestela ondo joan da. Aurtengo uzta atzeratuta zetorren, udaberri eta uda euritsua izan zelako. Horrek uzta atzeratzea eragin zuen.

Hurbiltzen zaizkizun bezeroak nola bereziko zenituzke?

Andoaingo bezero asko ditut, noski, baina baita Urnieta, Lasarte-Oria eta ondoko herrietakoak ere. Estatutik asko hurbiltzen dira: Madriletik, Kataluniatik eta Espainiako hainbat tokitatik.

Kanpokoen artean, errepikatzen duenik ba al da?

Bai, eta bestela hemen izandakoak inguruan aipatu eta haien lagunak eta gertukoak ere hurbiltzen dira. Atzerritarrak ere noizean behin izaten ditugu. Ostegun honetan, esaterako, bisitaldi gidatua antolatu du Sagardogileen elkarteak. Kasu horietan, goiza Albaola Itsas Faktorian edo Igartubeitia museoan izaten dira, eta ondoren Mizpiradira ekartzen dituzte bazkaltzera.

Sagardogileen elkarteko kide izatea garrantzitsua da, sektorearen ikuspegitik.

Guretzat elkartean egotea babes bat izatearen parekoa da. Ibilbide polita egiten ari dira marketingean eta estrategian, eta etorkizunera begira ikuspegi bat lantzen ari dira etengabe. Horri begira egotea garrantzitsua da guretzat.

Ez da plan txarra Andoaindik oinez Mizpiradira hurbiltzea.

Ez, ez. Eta ez dira gutxi aukera hori egiten dutenak. Asteburu honetan bertan bezero batzuk oinez etorri dira eta, bidean, baserriak eta animaliak ikusteko aukera dute. Ohituta ez dagoenarentzat gozamena da landa eremuko paisaietan barrena ibiltzea.

Zein aldaketa antzematen ari zara azken urteotan?

Gurasoek sagardotegiaren martxa izan zuten garai hartan, aste tartean bezero asko izaten zuten. Bestalde, urteko uzta dastatzera hurbiltzen ziren eta biharamunean lanera zihoazen. Garai hartan ez zen festarekin hainbeste lotzen. Ikuspegi hori aldatu egin da, orain joera ospakizunari lotuta dago. Lehen, bertako produktu naturala dastatzeak beste balio bat zuen. Orain ere bada horrelakorik, baina bistakoa ospakizunak protagonismo handiagoa hartu duela.

Ordainketa sisteman aldaketa handia antzeman duzue, ziur.

Bai, ordainketaren erdia eskudirutan egiten da eta beste erdia txartelarekin, eskuko telefonoarekin edo ordulariarekin.

Zenbat lagunentzat egokituta dago sagardotegia?

80-90 lagunentzat.

Errespetuzko joerak nagusi dira, oro har, zuen sagardotegian?

Bai. Talde handiak hartzeko joerarik ez dugu eta, izatekotan, ezaguna den jendearekin egiten dugu salbuespena. Errespetuzko giroa nagusitzen da, ziurrenik, Astigarraga-Hernani aldeko jaigirotik urrun gaudelako.

Berrikuntzarik izango al duzue, zerbitzuari dagokionez? Eta noiz arte izango duzue zabalik?

Urte osoan zabalik izango dugu Mizpiradi. Sagardotegiko menuarekin, maiatzaren amaiera bitarte, eta, hortik aurrera, eskaintza zabalduko dugu.

Iaz, sagardotegiaren atzealdean estalpea jarri zenuten otorduak kanpoan eman ahal izateko.

Landa-eremuan gaude eta hori oso erakargarria da. Hori sustatzeko, terraza zabaldu eta udaberritik aurrera otorduak han egiteko aukera izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!