Dantza munduan erabat murgilduta zabiltza. Jar gaitezen atzera begira... Noiz eta nola hasi zinen dantzan?
Nik betidanik dantzatu izan dut. Aita oso musikazalea zen eta etxean musika asko entzuten zen. Ahizpa eta biok 9 urteko aldea dugu eta hark ere Lauryn Hill, Whistney Houston eta horrelakoak entzuten zituen. Horiekin hasi nintzen dantzan, etxean, nire kasara. Nire modura egiten nuen dantza, nekienarekin eta gorputzak eskatzen zidanarekin. Telebistan ere bideoklipak ikusten nituen; Missy Elliotenak esaterako, eta haietan ikusten nituen dantza-pausoak nire egiten nituen.
16 urterekin dantza urbanoko akademia batean eman nuen izena, Donostian. Han eman nituen lehen pausoak dantza urbanoaren mundu honetan.
Donostiako ibilia amaituta, Iruñeko Breathless Dance Centerrera jo nuen. Dantza konpainia zen eta izugarri ikasi nuen han. Lehen bidaiak egiten ere hasi nintzen momentu hartan eta oso aberasgarria izan zen. Hilabete oso bat pasa genuen Parisen, dantza urbanoetan trebatzen. Momentu hartan koreografiak dantzatzen nituen gehienbat.
23 urterekin Bartzelonara joan nintzen bizitzera eta han estilo ezberdinak ezagutzeko aukera izan nuen. Koreografiaz gain, inprobisazioan ere hasi nintzen eta gaur egun horretan ari naiz bereziki.
Beraz, batetik bestera ibili zara dantzaren inguruan...
Bai. Frankfurt, Dusseldorf, Bordele, Paris..., Europan barrena asko ibili naiz eta Estatu Batuetara ere joan naiz: Las Vegas, New York, Los Angeles... Formakuntzak jasotzen, txapelketatan parte hartzen eta, orohar, dantza urbanoaren kulturaz bustitzen eta jazten.
Nire bizitzako etapa ezberdinetan, momentu onetan eta ez hain onetan, dantza beti egon da txertatuta.
Dantza urbanoan aritzen zara. Nola irudikatu behar dugu zure dantza jarduna?
Dantza urbanoak oso anitzak dira. Jendeak hip-hoparekin lotzen du eta egia da hip hop mugimendu kultural artistikoa dela. Kultur horretatik oso gertu beste hainbat estilo daude. Nik popping, waving, animation eta hip-hop dantzatzen ditut gehienbat. Estilo gehiago ikasi ditut, baina lau hauetan sentitzen naiz eroso, gehienbat.
Inprobisazioan aritzen naiz gehienbat. Koreografia batzuk sortu ditugu azken urtetan eta horrekin mugitu gara, baina inprobisazioa gustatzen zait. Askatasuna eta nortasun handia ematen du inprobisazioak.
Euskal Herria mailan, zein da dantza urbanoaren egoera?
Ni Gipuzkoa mailan aritzen naiz gehienbat, baina ez txapelketatan. Horretarako oso aukera gutxi dago hemen. Saltsa pixka bat sortu eta jendea zirikatzen aritzen naiz, ea jende gehiago animatzen den. Horretarako, bi proiektu nagusi ditut. Unity Proiektua, dantza lagunekin sortu genuen 2016an. Bost pertsonen artean sortu genuen, oso era naturalean. Ane Paiera, Ananda Berasarte eta hiruok gorpuzten dugu egun.
Entrenamentu irekiak egiten hasi ginen, jendea gurekin dantzatzera eta probatzera gonbidatuz. Gure zaletasuna elkarbanatzea da proiektu horren helburu nagusia. 2021ean pixka bat gehiago sakontzen eta sortzen hasi ginen. Txapelketa antolatzen hasi ginen, jump festak, formakuntzak gurekin edo beste irakasle batzuekin... mugimendua sortzen hasi ginen eta, geroz eta jende gehiagok adierazi du freestyle edo inprobisazioarekiko interesa. Pasaian egiten dugun txapelketara kanpoko jendea hurbiltzen hasi da, eta oso pozik gaude. Zubiak sortzen joaten dira eta elkar ezagutzen dugu. Txapelketaren inguruan beste zenbait ekitaldi ere antolatzen da; festa, formakuntza... eta horrek elkarbanatzeko aukera asko ematen ditu.
Zein da dantza urbanoaren jaioterria?
Estatu Batuetan dago jatorria. Duela bi urte eszedentzia hartu nuen hara bidaiatzeko. Bizitzako momentu zailean harrapatu ninduen eszedentziak, izan ere, aita gaixotu eta hilabete gutxitan hil zen. Momentu beretsuan lagun bat ere hil zen. Dantzak dolu hori guztia pasatzen lagundu zidan eta, osatuago sentitu nintzenean, bidaiatzera animatu nintzen. New York, Las Vegas, Los Angeles... Esperientzia ikaragarria izan zen; dantza urbanoko aitzindariak ezagutu nituen. Txapelketa gehiagotan parte hartu nuen urte hartan. Esaterako, Las Vegaseko txapelketa batean parte hartu nuen. Hiru kategoria ezberdinetan hartu nuen parte eta bakoitzean 80-100 pertsona lehiatzen ginen. Horietatik zortzi sailkatzen ziren finalera. Ez nuen uste sailkatzea lortuko nuenik, eta oso lasai joan nintzen, gozatzera. Hiru kategoriatan sailkatzea lortu nuen eta ikaragarria izan zen. Animation kategorian bigarren geratu nintzen gainera. Horrek aurrera egiteko indarra eman zidan.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 664 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.