28 milioi euroko udal aurrekontua onartu berri dute

Jon Ander Ubeda 2025ko ots. 7a, 08:47

Artxiboko irudia.

EH Bilduk zuzentzen duen Gobernu taldeak EAJ-PNVren eta Elkarrekin Podemos alderdien aldeko botoa jaso zuen 2025eko Udal aurrekontua eztabaidatu eta bozkatu zen plenoan. PSE-EE aurka agertu zen

2023-2027 agintaldiko bigarren aurrekontua aztergai izan zen aurreko osteguneko udal batzarraldian, eta bertan ikusi ahal izan zen aztergai nagusiei ekiteko adostasun politiko zabala dagoela. Izan ere, EH Bilduren, EAJ-PNVren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin 2025erako aurrekontu proposamena onartu zen. PSE-EE kritiko agertu zen eta, hainbat proposamen luzatzearekin batera, aurkako botoa eman zuen.

Andoni Alvarez alkatea, EH Bildu

Aurrekontu proposamenean alderdi guztien ekarpenak jasota zeudela esanez eman zion hasiera bere lehen adierazpenari. EAJ-PNVren eta Elkarrekin Podemosen proposamenak negoziaketen ondorioz iritsi dira. PSE-EEk egindako proposamen bat txertatu dute, bestalde, Udal aurrekontuan.

Pedagogia ariketa egin zuen lehenik eta behin Alvarez alkateak. Diru-sarrerak nondik datozen argitu zuen, lehenik: ia 28 milioi horietatik % 46 foru funtsatik dator, beste %42 tasa eta zergen bidez eta, azkenik, % 11 bestelako dirulaguntzetatik eratorritakoa da.

Herritarren bizi-kalitatea hobetzea premiazkoa dela uste du Alvarez alkateak. Etxebizitzaren arazoaren jakitun izanik, hainbat urrats emango dituztela iragarri zuen: dagoeneko partida batzuk aurrekontuan txertatuta daude eta, horiez gain, kezkak eta zalantzak argitzeko zerbitzua zabaldu nahi dute.

Gizarte Zerbitzuen saileko Etxez etxeko zerbitzuari bideratutako partida nabarmen igoko dute. Funtsean, langileen lan-baldintzak hobetzeko. Horrek, ondorioz, zerbitzua hobetzea ekarriko duelako.

Allurralde kiroldegian eraldaketa faseka izango dela iragarri zuen, alkatearen hitzetan, kiroldegia ixtea ez baita aurrikusten. Lehen fasea diseinatuta dago, bereziki, ituteak desagertarazteko eta aldagelak hobetzeko.

Kiroldegiko langileen lan baldintzak hobetzeko plegua martxan jarriko dutela iragarri zuen.

Bestalde, ibilgailu elektrikoen kargarako bi puntu berri jarriko dituzte Karrikan eta Agustin Leitza kalean. Beharraren arabera, puntu berriak jartzeko prestutasuna adierazi zuen.

Birziklapen-tasa hobetzeko neurriak martxan jartzea, Kultur Mahaiari segida ematea eta Eskola Kirola bateratuaren aldeko urratsak ematea izan ziren alkateak aurrekontuen aurkezpenean nabarmendu zituen beste hainbat puntu.

Inbertsio estrategikoei aipamena emanez amaitu zuen aurkezpena. Udal liburutegi berria, kiroldegiko bigarren kantxa, zerbitzuetako pabilioia, emakumearen etxea eta auzo ezberdinetako egokitzapenak hizpide izan zituen.

Aritz Alkain, PSE-EE

2024an egindakoaren bidetik, alderdi sozialistak hainbat proposamen egin ditu dagokion lansailan eta baita plenoan ere. Arduratsu jokatu dutela esanez ekin zion bere adierazpenari alderdi sozialistaren bozeramaileak. Gastuan eta inbertsioan egindako proposamenak azaltzeaz gain, partida-zerrenda aurkeztu zuen Allurralderi, Anbrosia Olabide eraikinari eta abarri eragiten diotenak. Soziala, justua eta berdea da ametsezko Andoain sozialistentzat. Segurtasunaren alorrean, sozialistentzat kamera gehiago jartzea da irtenbidea. Eta partaidetzako aurrekontuei dagokionez, aurreko urteetan onartutakoari bidea ematea eskatu zuen.

Imanol Goenaga, EAJ-PNV

Lehen interbentzioan EAJk egindako ekarpenak hizpide izan zituen, beti ere, egingarriak, aurrekontu txukunena osatze aldera. Goenagarentzat mugarria 2024an eman zen, eta ondoren iritsitakoa horren ondorio izan da. Mugarria, beraz, iaz EAJ-PNVk eta EH Bilduk adosturiko akordio-markoa izan zen. Eta, horrela, iaz, akordioa hirukoitza izan zen: 2024ko udal aurrekontua adostea, inbertsio estrategikoen egutegia osatzea eta udalgintzako hainbat alor bideratzeko adostasun politikoa lortzea. Balorazio orokorra positiboa denez, bide horretan sakondu eta 2025eko aurrekontua ere adostu dute bi alderdi abertzaleek. Partida zehatzetan begirada jarrita, haurreskolako jolastokia hobetzea, irisgarritasuna hobetzeko partida, Leizaur parkean eta Dr Huitzin komun publikoak kalean jartzeko egitasmoak eta Bertxingo zentrala atontzeko partida aipatu zituen Goenagak.

Pepe Iparragirre, Elkarrekin Podemos

"Lan ona egin dugu, jarrai dezagun horretan". Hori esatera mugatu zen Iparragirre.

Lehen interbentzioen ostean, bozeramaileen arteko eztabaida abiatu zen kritikari tarte zabalagoa eskainta. Bozketan, EH Bildu (8), EAJ-PNV (3) eta Elkarrekin Podemos (1) aurrekontu-proposamenaren alde agertu ziren. PSE-EE (5), berriz, aurka agertu zen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!