Mouaffakek adierazi duenez, "egundoko ilusioa" egiten dio Tafallako borrokaldiak. Hori bai, zehaztu duenez profesional izateak ez du inondik ere esanahi lanbide izango duenik K-1a. "Izan ere, kontaktuzko kirol horietan, eta lehiaren munduan, profesional izateak zure ibilbidean pauso bat aurrera egitea dakar, ez besterik. K-1 hobbytzat hartuko dut etorkizunean ere”.
Alex Torreguitart funestarra izango du aurkaria Tafallako jaialdian, 65-70 kilodunen mailan. 11 borrokaldi eginda, Torreguitart eskarmentu handiko kick boxerra den arren, hura garaitzea espero du Mouaffaquek. Aitortu duenez, lagungarri izango ditu zaletuen animoak horretarako, “gertuko lagun batzuk joango dira animatzera, eta andoaindar gehiago ere azalduko balira, primeran!”.
Guztira, Tafallan, 15 borrokaldi hiru modalitateetan (boxeoa, K1 eta arte martzial mixtoa-MMA) jokatuko dira. Larunbatean izango da, 16:00etan hasita.
“Polita izango litzateke Andoainen halako jaialdia antolatzea, publikoari ikuskizuna eskaintzeko"
Tafallako kirol-jaialdia eta Andoain aipatzen hasita, Mouaffaqek aspalditxotik daukan ametsa aitortu digu: “Polita izango litzateke Andoainen halako jaialdia antolatzea, publikoari ikuskizuna eskaintzeko, kirol mota horiek sozializatzeko, horiengan dauden estigmak uxatzeko, gazteen artean zaletasuna pizteko...”.
Ibilbide luzea arte martzialetan
Zenbait arte martzialen (Muay Thai, Kick Boxing, Karate, Taekwondo...) eta boxeoaren teknikak uztartzen dituen diziplina da K-1. Ring batera igota, bi aurkariek ukabilkadak, ostikadak eta belaunkadak erabili ditzakete, horretarako ezarrita dauden arau batzuei jarraiki.
Lehiaketetan, oso borrokaldi biziak izan ohi dira, oso denbora laburrean, kirolariak dena ematera behartzen dituena. Hain zuzen, hiruna minutuko hiru borrokaldiek osatzen konbatea.
Nolanahi ere, Riad Mouaffaq arte martzialetan sustraitzen diren beste zenbait kiroletan aritutakoa da, aurrez.
“Txikitatik, judoa erakargarria egiten zitzaidan, eta amak Iñaki San Martinek gidatzen duen Andoaingo judo klubera eraman ninduen”. Han urte batzuk eginda, Kenpo Kairarako (defentsa pertsonalerako kolpe teknikak lantzen dituen arte martziala) jauzia egin zuen.
Arte martzialetako ibilbide hori moztu egin zuen halako batean Mouaffaqek, eta futbolera bideratu zuen gogoa, Euskalduna taldearekin. Jubenil mailetatik igaro ostean, baina, arte martzialei heldu zien berriro. Oraingoan, Jiu-Jitsu (defentsa pertsonala eta borrokarako teknikak lantzen dituen arte-martzial brasildarra) modalitateari bota zion begia.
Azpimarra beharra dago denbora laburrean oso urrun iritsi zela Jiu-Jitsuarekin, 2023an Espainiako txapelketa irabazi baitzuen. Urte hartan, Europako txapelketan ere hartu zuen parte Parisen, “ez nintzen eroso ibili, urduritasuna zela-eta; lehenbiziko errondan kanporatu ninduten”.
Bi gimnasioetan prestatzen
K-1 modalitatean topatu du bere neurriko kirola Mouaffaqek; oso gustura dabil, eta biziki eskertzen die bidean ezinbesteko izan dituen, eta izaten segitzen duten bi irakusle: Jose Vicente Eguzkitza eta Mikel Rodriguez. Burlatan (Gimnasio Kanku) dauka gimnasioa lehenak, eta Martutene auzoan (Kuraia Fight Club) bigarrenak. “Izugarrizko mailako borrokalariak izan dira, eta prestatzaile gisa ere ezin bikainagoak dira biak. Asko irakatsi didate hainbat arlotan; hala nola, teknika, indarra, elastikotasuna, diziplina, autokontrola, aurkaria azterketa...”.
Amateur gisa, hamar borrokaldi egin ditu; horietatik zazpi irabazi ditu, eta hiru galdu. Egindako borrokaldi saio horietan asko ikasi duela aitortu du Mouaffaqek, “segurtasun ezak, urduritasuna, beldurrak… gainditzen joan naiz”.
Gaur egun bere burua lehian segitzeko txukun prestatuta dagoela iruditzen zaio. Are gehiago, erantsi duenez, geroz eta erosoago sentitzen da ringera igo eta borrokaldiari ekiten dion bakoitzean, “hazi egiten naizela esango nuke. Aurkaria aurrean, argi-fokuak, publikoa begira eta garrasika… Espektakulu edo zeremonia guzti horrek eragiten duen adrenalinaren eragina-edo izango da”.
Indarkeriarekin identifikazioa
Kontaktu fisiko handiko kirola praktikatzen duela gogorarazten zaionean, hala dela onartu du Mouaffaqek: “Kolpe latzak jasan, jasaten ditugu; beharbada lehiaren beroan ez dira sumatzen, baina, gero, hotzean, bai!”.
"Borrokaldietan egokitu zaizkidan aurkari gehienak oso umilak eta adeitsuak izan dira"
Nolanahi ere, kiroltasuna nabarmentzen du Mouaffaqek. “Ringean aurrean suertatzen zaizun aurkaria ez da zure laguna, aurkaria baizik; biok ere kontziente gara irabazteko min eman beharko diogula besteari. Baina ezeren gainetik errespetua nagusitzen da normalki, irabazi ala galdu. Nire kasuan, borrokaldietan egokitu zaizkidan aurkari gehienak oso umilak eta adeitsuak izan dira. Horrela, borrokaldi baten ondoren egin izan ditut lagunak”.
Ezinegon puntua antzematen zaio halako kirolak batik bat biolentziarekin lotu ohi direla esaten zaioenean: “Errazegi jartzen zaizkie etiketa ezkorrak, eta biolentziarekin, delinkuentziarekin, etika gutxiko jendearekin, mafiarekin… identifikatzeko joera izaten da; egia esan, zineak badauka erantzukizuna aurrejuzgu horiek zabaltzeko orduan”.