Bikaina, Ubitarteko taberna-zerbitzua

Xabier Lasa 2025ko ots. 8a, 07:00

Leire Varquero eta Oihan Horrillo gazteak, Ubitarteko tabernan.

Astebururo Ubitartera hurbiltzen diren futbolzaleek Euskaldunako taldeen joko eta golez gain, badute beste erakargarririk: harmailetan dagoen taberna. Ederki estimatzen dute bertatik jasotzen duten zerbitzua

Leire Varquero, Markel Varquero eta Eñaut Arnaiz gazteak arduratzen dira, txandaka, tabernarekin. Markel eta Eñaut Euskaldunako jokalariak ere badira, eta lehiaketako partidekin konpromisoa daukatenean, Ohian Horrillok ordezkatzen ditu. Dena esatera, Euskaldunako zuzendaritzako kide den Pako Varquerok, taberna salgarriaz hornitzen du astegunetan.

Astebururo, irekita

Leire Varquerok adierazi digunez, izan larunbata, izan igandea, zelaian programatuta dagoen lehenbiziko partida baino ordu erdi lehenago altxatzen dute pertsiana. Egundoko estimazioa dauka tabernak: “Tortilla eta txorizo-pintxoak, kafea, freskagarriak, litxarkeria batzuk... Gazteen artean, berebiziko arrakasta dauka Aquariusak”.

Eskola-Kirola egokitzen denean bizi ohi dute estualdirik handiena: “Zelaia erdibituta, zortzi-zortziren kontra aritzen dira, lau talde. Egin kontu, haur edo gaztetxo bakoitzak gurasoak, aitona-amonak eta gainerako lagun eta senideak erakartzen ditu. Horietako  batzuk zerbait kontsumitzera etortzen zaizkigu... Atsedenaldietan, gehienak”.

Leku ospela, tabernarentzat “lagungarri”

Ubitartera hurbiltzen diren zaletuak ondotxo daki zein ospela den zelaia, neguan eta udazkenean, batik bat: “Oria ibaiaren ondoan dagoelako edo, baina hotz samarra da lekua. Kanpoko taldea babestera Andoainera etortzen ziren zaletuek ere horixe azpimarratzen digute”, Leire Varquerok baieztatu duenez. Ubitarteko baldintza klimatiko zeken horrek badu onuradunik, eta tabernaren martxan eragina du, jakina: “Gorputza berotzeko eta egonaldia eramangarriagoa egiteko, kafe bero bat behar izaten du jendeak”.

Bonboa, eskura

Taberna kontsumizioez josita edukitzen duten arren, etxeko taldea animatzeko bonbo ezaguna bertan dute gordeta. Txoko berezian, gainera: “Euskaldunako jarraitzaileek badakite bertan gordetzen dugula bonboa. Nahi dutenean hartu dezakete, jokalariak animatzen has daitezen!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!