Artearekiko sentiberatasun falta nabaria egon dela salatu dute biek ere. Jokatzeko moduan ere luzatu litekeela axolagabekeria hori, gaineratu dute; izan ere, eraikinean erreforma-lanak egiteko orduan inork ez diela deusik jakinarazi, adierazi dute. Era horretan, arrazoi bikoitzengatik dela sentitzen dituzten mina eta amorrua, aitortu dute.
Arreseygorrek, zera adierazi du, "Francisco de Goyak badu esaldi labur bat, oso interesgarria: "Denborak ere margotzen du". Esaldiari gehitu beharko litzaioke ez duela soilik margotzen, baita ere estaltzen eta ezabatzen duela. Horma-irudiak kentzeak eta ekintza horren egileek horma-irudien egileekin eduki duten jokabideak argi eta garbi erakusten dute kulturarekiko eta nortasun komunitarioaren aldeko ekimenekiko sentsibilitate falta, ezjakintasuna eta mespretxua. Ezjakintasunak pentsamendua lausotzen du, eta estetika, eta, batez ere, etika ahanzturara zokoratzen ditu".
Gartxot Arregik, gogorarazi du nahiko eskarmentu txarra daukala kaleko artelanekin, lehendik ere. Hain zuzen, Andoainen gizarte mugimendua islatzen zuten zuri-beltzezko argazkiak aukeratu, eta horiek eginak izan ziren leku berean zintzilikatzeko proiektua gauzatu zuen, 2015eko ekainean. Beñat Arregi (1973-2004) herriko artistari omenaldi xumea egitea zuen xede proiektuak. Bada, goiz ala berandu kendu beharrekoak ez ezik, gainerakoak ere (busen markesinetan jarritakoak), denak kendu zituztela zehaztu du Arregik. Sormen-prozesu haren berri, Arregiren web orrian, hemen, ikus liteke.
Era horretan, Arregik auzitan jartzen du diru eta babes publikoaren bultzadarekin artistek kalean egiten dituzten artelanek, denborarekin, jasotzen duten zaintza eskasa.
Bi artelan, eraikin horretan
Bi artelan zeuzkan erantsita eraikin horrek bere hormetan, hain zuzen. Batetik, 2019an, Eduardo Arreseygor, Marga Oiartzun eta Juanan Lazkano herriko artegileek zinea inspirazio-iturri hartuta margotu zituzten mural artistikoak. Eta bestetik, 2015eko irailean, Alaitz Bikuñak eta Gartxot Arregik horman zintzilikatu zituzten hiru artelan, hiru leiho irudikatzen dituzten artelanak.
Zinema inspirazio iturri, Iparragirre antzokia gogoan hartuta
Azken astetan erreformatzen ari diren eraikin horretan, iraganean, Iparragirre zinema egon zela gogoratuta, zinearen mundua zuten inspirazio-iturri horma horiek. Besteak beste, zenbait zuzendari (Alfred Hitchcock...), aktore (Mariyn Monroe, Pilar Rodriguez...), eta pertsonaje (ET, Ameli, Charlot...) eta filmen jakin batzuen (Leku bat munduan, Txoriak...) eszenak ikusi daitezke. Andoaingo kaleak biziberritzeko asmoz, Udalak bultzatutako ekimena izan zen hori.
Eduardo Arreseygorrek artelan horiekin bere garaian osatu zuen ikus-entzunezkoa, hona ikusgai:
Sormen-lanean buru-belarri ari zirenean egindako erreportajea, hemen.
Dena esatera, kale horretan, ondoko eraikinean eta eskaileren horman mural artistiko gehiago margotu zituzten, eta horiei ez die eragin ezabaketak.
Etxeko egunerokotasunean, hiru eszena
Correos-en egoitzan parean, Alaitz Bikuñak eta Gartxot Arregik, hiru leiho irudikatzen zituzten artelanak ipini zituzten 2015eko irailean, esan bezala. Gainera, objetu fisikoak (loreontziak eta loreak) itsatsi zizkieten leiho horiei. Artelanaren gaineko ideia eta plan prozesua azalduta dauka Arregik, hemen.
Hiru leihoen artelanaren aurretik, herriko beste zenbait artistek esku-hartze artistikoak eginak zituzten kale berean Andoaingo Kale Nagusia biziberritzeko planaren baitan, Udalak, dendarien elkarteak eta bizilagunek bultzatuta.
Hain zuzen, Arte Ekintza kolektiboko Edurne Pisadorrek eta Olaia Zapirainek, Kale Berria eta Kale Nagusiaren arteko eskailerak margotu zituzten, eta Iñaki Gozalo Wentxi-k Kale Nagusian hutsik zeuden dendetako erakusleihoak margotu zituen.