Argazkian, ageri dira: Cristina Matilla, Alazne Saez, Ricardo Seara, Daniel Alaminos eta Jose Manuel Rainha. Zuzendaritza, honako bazkideek ere osatzen dute: Susana Garcia, Armando Fernandez, Oscar Gonzalez, Hector Gonzalez, Javi Rosa, David Martinez eta Javi Gonzalez.
Hamabi bazkidek hartu berri dute zuzendaritzaren ardura, eta horietako bik, Cristina Matillak eta Alazne Saezek ziurtatu dutenez, gogotsu heldu diote karguari, "elkartearen urteroko dinamikan ohikoak diren kulturarekin eta gastronomiarekin lotutako ekitaldiei eusteaz gain, beste zenbait ekimen antolatu nahi genituzke".
Helburua, nahiko argi daukate: elkartea herrira gehiago zabaltzea. Horretarako, besteak beste, herriko kultur elkarteekin elkarlanean jardun nahi dute, eta aldi berean, Extremadura eta Euskal Herriko kulturak elkarganatuko dituzten ekimenak bultzatu nahi dituzte.
Xede hori argi edukirik hasiak dira hariak mugitzen, eta emaitzak aurrerago zehaztu ahal izatea espero dute, Matillak eta Saezek adierazi dutenez.
Extremadurarekiko loturak irauten du
1977an, jatorriz Extremadurakoak izanik Andoainen bizi ziren hainbat lagunek sortu zuten auzolanean elkartea, eta bi urte barru mende erdiko bizitza beteko du.
Nahiz eta handia izan den 50 urte horietan bazkideen joan-etorria, eta gizartea bera ere asko aldatu den, elkarteak, hasierako urtetan eduki zuen bizitasunari eusten diola adierazi dute. “Egunero edukitzen du mugimendua, izan urtebetetzeen ospakizunekin, mahaiko karta-jolasekin, afaltzeko biltzen diren kuadrillekin…”.
Bazkideen profila aldatu, aldatu da, baina belaunaldi zaharrek berriei lekukoa pasa izan diela etengabe, gaineratu dute. “Extremaduran jaiotakoak ziren gehien-gehienak, baina aldatzen joan da errealitate hori hamarkadetan, normala denez”. Horrela, Extremadurarekiko lotura familiarra edo afektiboa aldatu den arren, ez dela galdu, ziurtatu dute.
Era horretan, Extremaduraren kultura, gastronomia eta ohiturekin atxikimendu berezia sentitzen duten pertsonen topaleku izateko sortu zuten elkartea, eta belaunaldi berriek filosofia hori errespetatzen eta sustatzen segitzen dute, modu batera edo bestera.
150 bazkideko elkartea
150 bazkide ditu Hogar Extremeño elkarteak, egun. 10 euroko kuota ordaindu behar izaten dute, hilero; jubilatuek salbuetsita dute kuota.
Bestalde, elkarteak ateak irekita dauzka bazkide izan nahi lukeen ororentzat; 150 euro ordaintzea eskatzen zaio bazkide berri horri, sarrera gisa.
Parrilla eraberrituta
Daniel Alaminos eta Jose Manuel Rainha zuzendaritza-talde berriko kideek sukaldeko parrilla txukundu eta eraberritzen aritu dira azken asteetan, eta asteburu honetan edukiko dute estreinatzeko aukera elkartera afaltzera bertaratzen diren lagun kuadrillek.
Gauzak horrela, Hogar Extremeñoko bazkideek betidanik famatu izan dute bertako parrilla, eta badauzkate arrazoiak halaxe egiten segi dezaten.
Daniel Alaminos eta Jose Manuel Rainha, egunotan eraberritu duten parrillaren ondoan